Gomez Margallo eta Gil, podiumetik podiumera

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 25a, 14:00
Gomez Margallo eta Aitor Regillaga, irabazlea, lasterketan. Arg.: Javier Zatarain

Atsedenerako tarterik ez dute hartzen Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil herritarrek. Aste honetan BerroBirako kroseko podiumean izan dira. Bestalde, igandean, I. Mendi Festa izango da Lasarte-Oriako inguruetan

Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil herritarrek astebururo lasterketa batean parte hartzen dute eta lehen postuetan sailkatzen dira. Azkena, BerroBira herri krosa izan da. Podiumeko bigarren eta hirugarren mailetan egon ziren herritarrak.

Larunbatean, irailaren 21ean, 52 korrikalarik hartu zuten parte Berrobiko proban. Lasterketa hasi baino lehen, lehengo astean hildako Ibon Gonzalez korrikalaria gogoan izan zuten.

Hasieratik lehen postuetan izan ziren bi herritarrak. Birak egin ahala, guztira bost eman behar zituzten, taldea gutxitzen joan zen. Raul Gomez eta Aitor Regillaga geratu ziren nor baino nor eta tolosarrak irabazi zuen azken metroetan lasarteoriatarrari aurre hartu eta gero.

Gilek berriz, minutu bat gehiago behar izan zuen helmuga zeharkatzeko.

Lasarte-Oriako I. Mendi Festa

Asteburu honetan, berriz, Lasarte-Orian izango da hitzorduetako bat. Lasarte-Oria Trail taldeak antolatutako I. Mendi festa izango da igandean. 
Lasarte-Oriako inguruak ezagutzera ematea du helburu probak eta horretarako bi ibilbide izango ditu luzea (25 km.) eta familiarra (12,5 km). 

Izena ematea kirol probak orrialdean edo Manuel Lekuona kultur etxean egin daiteke. Egunean bertan Okendo plazan ere egin ahalko da.