Arranoen eta zaldunen babesean, alaitasuna nagusi

Beñat Lizaso Garcia 2019ko ira. 22a, 18:45
Cabalburr kanpalekua izan da aurtengo berrikuntza nagusia

Asteburuan zehar Erdi Aroak hartu du Lasarte-Oria. Herriak ehunka mende egin ditu atzera. Ostiralarekin hasi zen azoka eta gaur bukatuko da. Herria hartu dute artisauen postuek, musikariek, bufoiek eta hegazti harrapakariek.

IV. Xacobeo azoka izan da aurtengoa eta lasarteoriatarren egutegietan data seinalatua bihurtu da jada. Gaiteroen kalejirek postuek koloreztatutako kaleak dantzan jarri dituzte. Bufoi kuadrilla bat solte ibili da herriko bazterrak alaitzen eta Ama Brigitarren komentu aurrean herritarrak gudarako prestatzeko asmoz egon dira zaldunak. 

Ehunka lagun izan dira Kale Nagusian eta Okendo plazan artisauek eskainitakoa ikusten eta erosten. 105 postuk hartu dituzte Lasarte-Oriako izkinak, eskaintza zabalarekin. Etxerako tresneria, arropa, janaria, edariak... Hamaika gauza erosteko aukera izan da asteburu osoan zehar.  

Azokaren ardatza artisauen postuak izan diren arren, ikuskizunek ere garrantzia handia izan dute. Kalejiran ibili dira egunero gaiteroak. Aurten ere Acibreira taldea izan da lan hori egiteaz arduratu dena. Bufoien laguntza izan dute Acibreirakoek, etengabe herritarrak zirikatu eta irribarreak ateratzeko ardura ezin hobeto bete dute. Alaitasuna banderatzat hartuta girotu dute asteburua. Etxeko txikienek gainera ipuin kontalari eta hegazti harrapakarien erakustaldiarekin ederki gozatu dute asteburua. 

Berrikuntza nagusia Cabalburr kanpalekua izan da. Bertan herritarrek Erdi Aroko kanpamentu militar baten nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dute. Garaiko arropak jantzi eta erabiltzen ziren arma zein armadurak ikusi eta probatzeko aukera izan dute lasarteoriatarrek. Interes handia sortu du kanpalekuak eta armak probatzera ausartu denik ere egon da.

21:30etan itxiko da azoka V. edzioaren zain. Egun hauetan bizitakoa beste behin gozatzeko irrikan izango dira herritarrak. 

 

 

Erlazionatuak

Erdi Aroko azoka: ostirala

Beñat Lizaso Garcia 2019 ira 21 Kultura

Erdi Aroko azoka: larunbata

Beñat Lizaso Garcia 2019 ira 22 Kultura