Euskal Jantzien ikastaroko izena ematea martxan da

Nerea Eizagirre 2019ko ira. 21a, 09:00
Iaz, ikastaroan egin ziren jantzietako bi. Argazki gehiago atxikia dagoen galerian.

Ttakun kultur elkarteak euskal jantzia egiteko aukera eskaintzen du. Ione Artola jostunaren laguntzaz, haur edo helduen jantziak prestatu daitezke. Aurten, Ane Albisuren eskutik, era egokian nola jantzi ere ikasi ahalko dute ikastaroan izena ematen duten herritarrek

Uda lanpetua izan du Ione Artola herritarrak. Woody Allenen Rifkin's festival pelikulan jostun lanetan egon da. Kontratuko konfidentzialtasun klausula dela eta, ezin digu ezer kontatu, baina esperientzi berri horrek indarrak eman dizkio ikasturte berri honetarako. Ttakunek antolatzen duen euskal jantzi tradizionaleko ikastaroko irakaslea da. Aurten berrikuntza bat dakar, tradiziozko jantzietan aditu den Ane Albisuk nola jantzi azalduko du ikastaro amaieran. 

Errotua dagoen ikastaroa da jantzi tradizionalena. "Urte pila dira ikastaroa ematen hasi nintzenetik, ez dakit ziur zenbat diren", adierazi du Ionek.
Oso gustura ibiltzen da herritarrei euskal jantziak egiten irakasten. "Oso giro ona dago eta oso pozik nago egiten duten lanarekin. Azken urteetan gainera, adin guztietako jendea animatu da eta gizonik ere izan da".

Zerotik hasi eta jantzi osoak egiten erakusten die. "Lehenik, ikerketa lana egiten dugu. Ahal den toki guztietatik informazioa jasotzen saiatzen naiz. Atondu liburua eramaten dut, Internetetik ateratako irudiak, aurreko urteetan egin diren jantzien argazkiak eta Segurako dantza txapelketako jantziei ere argazkiak ateratzen dizkiet", jakitera eman digu. 

Izan ere, adierazi du urtero-urtero dagoela berrikuntzaren bat, eta ikasleak horiek egitera animatzen direla. "Zerbait ezberdina egin behar baitugu", adierazi du.

Josten dakitenetatik, jostorratz bat inoiz hartu ez dutenetara. Maila guztietako jendea egon da ikastaroan. Artolak guztiei erakusten die eta haiek adi-adi entzuten dutela jakitera eman du. "Mozten edo josten daudenean batak besteei begiratzen diote nola egin ikasteko. Edo zerbait berezia badago eta denentzat interesgarria bada, guztiei azaltzen diet".

Astearte eta ostegunetan 15:30etik 17:30era dira saioak. Baina ikastaroko orduak ez dira nahikoak, Ionek onartzen duen bezala. "Asteartetik ostegunera ez dago ia denborarik eta ostegunean etxeko lanak eraman nahi dituzte, baina beti ez da posible izaten". 

Hilabeteko ikastaroa da. Urrian edo azaroan parte hartu daiteke, baina askok bietan izena ematen dute. "Pazientzia behar dutela esaten diet.Bi hilabetetan jantzi bat egiteko denbora dagoela. Nik beti esaten diet, ez dago ezer zailik, lan gutxiago edo gehiago dauka. Jostea ez da bi ordu eta kitto, josteari ordu asko sartu behar zaizkio orokorrean".

Aurten gainera, berrikuntza  bat aurkeztu digu: "Ane Albisurekin lan egin dut uda honetan eta ikastaroaren berri eman nion. Berak jantziak amaitzean saio batera etorri eta era egokian nola jantzi azalduko zigula esan zidan".

Ikastaroetako izena ematea martxan da dagoeneko. Elkarteko bazkideek 22 euro ordaindu behar dituzte; bazkide ez direnek, aldiz,   25 euro. Interesatuek Ttakuneko bulegoan, kultura@ttakun.com edo 943 371 448 telefonoan egin dezakete inskripzioa.

Erlazionatuak

Euskal jantzi ikastaroa

Txintxarri Aldizkaria 2018 abe 21 Gizartea