Europako mugikortasun astearekin bat egingo du Lasarte-Oriak ere. Datorren asterako, ekintza bat baino gehiago antolatu dituzte. Herritarrak garraio jasangarriak erabiltzearen garrantziaz jabetu nahi dituzte, eta horiek erabiltzera bultzatu. Ibili gurekin aukeratu dute aurtengo egitasmoaren lelo gisa.
Irailaren 23an eta 24an, kale inkestak egingo dituzte, arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara. Horien bidez, herritarrek mugitzeko erabiltzen dituzten garraiobideen inguruko informazioa bildu asmo dute.
Asteazkenean, irailak 25, goizeko 10:00etatik 14:00etara, azoka eguna baliatuz, mugikortasun jasangarriaren berri emateko postu informatiboa jarriko dute, eta orkatilako islatzaileak banatuko dizkiete gerturatzen direnei.
Hilaren 26an, ostegunean, bizikletak konpontzeko tailerra izango da. Okendo plazan egingo dute, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.
Hurrengo egunean, irailaren 27an, Biyak Bat elkartearekin batera, ibilbide osasungarria egingo dute, oinez. 11:00etan abiatuko dira Okendo plazatik, eta ordubeteko iraupena izango du. Amaieran, hamaiketakoa eskainiko diete parte hartzaileei.
Arratsaldean, 17:00etatik 19:00etara, puzzle baten piezak aurkitzeko ekintza bat egingo dute. Mugikorraren laguntzaz aritu beharko dira, eta sari bat zozkatuko dutela iragarri dute: 100 euroko bonua Aterpeako dendatan gastatzeko.
Astebururako ere izango dira ekintzak. Irailaren 28an, bizikleten bigarren eskuko azoka izango da. Goizeko 10:00etan hasi eta 14:00ak bitarte iraungo du, baina bizikleta salgai jarri nahi duenak, 09:30etik 10:00etarako tartea izango du plazara gerturatzeko. Eguraldi txarra eginez gero, azoka Loidibarrengo pilotalekura lekualdatuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.
Azoka amaituta eta Okendo plazatik abiatuta, bizikleta martxa egingo dute Lasarte-Orian barrena. 11:00etatik 12:00etara, herriko txoko ezberdinak bizikleta gainean egiteko aukera izango dute herritarrek. Parte hartzaile bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eramatea ezinbestekoa da.
Argazki lehiaketa eta tailerrak
Mugikortasun astean parte hartzen dutenek, irudiak ere aurkeztu ahalko dituzte antolatu den argazki lehiaketara. Irabazleak 100 euroko bigarren bonu bat eskuratuko du, hori ere, Aterpeako dendetan gastatzeko.
Bestalde, herriko ikasleekin ere landuko dute mugikortasun jasangarriaren gaia; tailerrak egingo dituzte ikastetxeetan.