Erdi Aroko asteburuaz gozatzeko azoka

Maddi Zaldua 2019ko ira. 20a, 10:44

Laugarren urtez antolatu dute Xakobeo Azoka. Gaurtik igandera bitartean, ekintza ugaritan parte hartzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek

Herriko kale eta txoko ezberdinetan koloretako zapiak zintzilikatuta, Erdi Aroko herri bihurtu dute Lasarte-Oria. Laugarren urtez, Xacobeo azokak herria girotuko du asteburuan.  Urteroko galdu ezinezko hitzordu bihurtu da, Xacobeo Azoka. Gaur arratsaldean, 17:00etan, zabalduko ditu ateak, eta igande gauera arte ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Musikaz eta antzerkiaz lagundutako kalejirak irekiko ditu azokaren ateak, gaur. Horren ostean, ipuin kontalariaren saioa izango da. Hegazti harraparien erakustaldia ere egingo dute, eta hori amaituta, zirku-jolasetan aritzeko aukera ere izango dute etxeko txikienek. Iluntzean, 'El clan de los guerreros' kale ikuskizuna izango da, eta lehen egunarekin amaitzeko, Acibreira kalejirak girotuko ditu kaleak.

Irekiera ofiziala, ordea, larunbat goizean egingo da. Goizeko 10:30ean, aurreskua dantzatzearekin eta pregoia irakurtzearekin batera, egun osoko egitarauari hasiera emango zaio. Goizeko kalejiraren ostean inauguratuko dute azoka, eta kale ikuskizunak, ipuin kontalariak, musika emanaldiak, eta beste hainbat ekintza izango dira, gauera arte.

Igandean ere izango da aukera zabala. Aurreko bi egunen antzera, ekitaldi ugari izango dira egun osoan zehar gaueko 22:30ak arte. Ordu horretan amaituko da aurtengo azoka.

Aurtengo berrikuntzak
Berrikuntza nagusiena, Cabalburr kanpamentua izango da, aurten. Bertan, Erdi Aroko arropak jantzi ahal izango dituzte herritarrek, eta horiek nola egiten zituzten ere ikasi ahal izango dute. Larrugintzan, eta egur tailan ere arituko dira.

Horrekin batera, buztinarekin, ardi lanarekin, eta beste hainbat eskulanetan aritzeko tartea ere izango dute bertaratzen direnek.
Guztira 105 postuk –tartean daude Lasarte-Oriako batzuk– parte hartuko dute, eta askotariko produktuak erosi edo ikusi ahal izango dira, gaurtik igandera bitarte.

Erlazionatuak

Xacobeo azoka

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 15 Kultura