Anabel Eleno, Raul Gomez Margallo eta Aimar Sukunza podiumeko gorenean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 19a, 16:00
Anabel Eleno Plazaolako natur bideko maratoiko helmuga igarotzen. Arg.: Aiurri

Lasterketaz lasterketa ibili dira lasarteoriatarrak irailaren 14 eta 15eko asteburuan. Batzuk podiumean izan dira. Plazaolako natur bideako maratoiko eta Jose Maria Sarriegi oroituz probako irabazle izan dira Eleno eta Gomez Margallo. Era berean, Aimar Sukunza gaztea Gipuzkoako kadete mailako esprint triatloi txapeldun izendatu zuten Zumaiako triatloi proban

Mendian zein hirian kilometroak egin zituzten lehengo asteburuan Lasarte-Oriako korrikalariek helmugara iristeko. Plazaolako natur bideko eta Jose Maria Sarriegi oroituz lasterketetan, esate baterako, lehen postuetan sailkatu ziren herriko ordezkariak.

Igandean, Plazaolako natur bideko maratoia jokatu zen. 42 kilometroko probaz gain, 26 km.takoa ere lehiatu zen. Leitza eta Andoainen arteko ibilbidea egin zuten herritarrek. Lasarte-Oria Trail taldeko Anabel Elenok irabazi zuen proba. 

Lehen kontrol puntuan, 5 km., Maider Lasa pasa zen Eleno baino segundo batzuk lehenago. Kilometroak hanketan pilatzen joan ahala, Elenok Lasari aurre hartu eta tartea egiten joan zen. Bakarrik iritsi zen Eleno helmugara, 01:48:31ko denbora egin zuen; Lasak, berriz, hiru minutu gehiago behar izan zituen.

Eleno baino bi minutu lehenago  iritsi zen lehen lasarteoriatarra helmugara, Javi Olazagoitia, 01:46:07. Baina izan zen helmuga zeharkatu zuen beste herritarrik ere: Mikel Benito Basurto, 01:57:53; Koldo Lucero, 02:14:14; Peio Fadrique, 02:33:35; Naroa Salsamendi, 02:41:44; Josean Hernandez, 02:45:37.

Honez gain, beste mendi probetan ere izan ziren Lasarte-Oriako korrikalariak.

Marc Bagesek Intza-Ttutturre Aralarko Kilometro Bertikala proban izan zen, irailaren 14an. 3,85 kilometroko proba honek 985 metroko desnibel positiboa du. Bagesek 47:02 minutu behar izan zituen ibilbidea egiteko.

Enaitz Ibarburuk, berriz, 1.300 desnibel positiboko Sorginen lasterketan parte hartu zuen. 17,8 km.tako proba honetan Anboto mendia igotzen da. Ibarburuk 03:20:18 behar izan zituen proba amaitzeko.

Azkenik, Lasarte-Oria trail taldeko Angel Carreterok Canfranc-Canfranc ultra trail lasterketa utzi behar izan zuen.   Proba gogorra da, 100 kilometroko ditu eta 8.800 km.ko desnibel positiboa eta Carreterok ezin izan zuen amaitu.

Donostia eta Usurbil
Mendia alde batera utzita, irailaren 15ean igandean, Lagun Artean Korrika-Jose Maria Sarriegi oroituz lasterketako 9 kilometrotako podiumean izan ziren Raul Gomez Margallo eta Gorka Gil herritarrak. Lehen eta bigarren izan ziren hurrenez hurren.

Era berean, Lasarte-Oria Traileko Sara Agirrek bigarren postua lortu zuen bere mailan.

5 kilometrotako proban ere hainbat herritar izan ziren, baita Ostadar SKTko Inklusio Diana Benedicto eta bere gida Iñigo ere.

Bien bitartean, Usurbilen Baxurde krosa proba jokatu zen eta herritarrek ez zuten huts egin. Azkarrena David Garcia izan zen, 40:23 denborarekin eta gertu ibili zen Marc Bages. Helmugan 41:18 egin zuen.

Gipuzkoako txapeldun

Bestalde, esprint mailako Gipuzkoako triatloi txapelketa jokatu zen, irailaren 14an, Zumaian eta Aimar Sukunza herritarrak kadete mailako txapela eskuratu zuen.

Buruntzaldea IKT-ko igerilaria da Aimar Sukunza eta Zumeatarra taldearekin parte hartzen du triatloi probetan. 

Proban 700 metro igeri, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometroko  lasterketa egin zituen gazteak. Lana betetzeko 1:01:17 behar izan zuen. Helmugara iritsi zen hirugarren kadetea izan arren, lehenengo Gipuzkoarra zen. 

Hirugarren postu honekin Sukunzak, Euskal Herriko triatloi kadete zirkuituko bigarren postua bereganatu du.

Aipatzekoak dira ere Lasarte Oriako Trinko triatloi taldeko Mikel Izagirre Aramendik beterano 2 mailan lortutako zortzigarren postua eta bere semea den Ibai Izagirre Agotek, Junior mailan eskuratutako bosgarrena.