Irailaren 25ean epaiketa berri bat izango du Ibon Fernandez Iradik

Maddi Zaldua 2019ko ira. 19a, 10:53

Esklerosi anizkoitzak jota, larriki gaixorik dago Lannemezango expetxean. Hamasei urte daramatza preso, eta kartzela zigorraren etetea eskatuko dute

Gaixotasuna detektatu ziotenetik, laugarren epaiketa izango du Ibon Fernandez Iradik. Esklerosi anizkoitzak jota, larriki gaixorik dago preso lasarteoriatarra, Frantzian. Osasun arazoa artatzea eta kartzelako egonaldia "bateraezinak" direla, behin baino gehiagotan salatu dute presoaren senide eta lagunek, eta datorren asteazkeneko epaiketan ere, eskaera berdinari eutsiko diote. Kartzela zigorraren suspentsioa eskatuko dute; osasun arazo oso larriak dituzten presoek eskatu dezakete, salbuespen neurri gisa.

Lasarte-Oriako Sarek salatu du presoak ez duela artatzeko behar duen tratamendurik jasotzen, kartzelan: "ez ditu behar dituen neurologia ezta fisioterapia saioak jasotzen kartzelan".

Gaixotasunak aurrera

Sarek jakinarazi du esklerosi anizkoitza etengabeko garapena duen gaixotasuna dela, eta Fernandez Iradik, azken denboran lesio berriak izan dituela garunean eta hezur muinean.

Horregatik, larriki gaixorik dauden presoen giza eskubideen alde borrokan jarraituko dute, baina Espainiak gaiarekiko duen "karga politikoa" kentzeko deia egiten diote. "Frantzia pausuak eman ari da, eta espero dugu bide horretan jarraitzea eta Espainiak ere horri eustea, inolako baldintza politikorik gabe".

Sarerek prentsaurrekoa

Epaiketaren ostean, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde lan egiten duen Sare kolektiboak, prentsaurrekoa emango du, epaiketaren berri emateko.
Irailaren 27an izango da, hitzordua, Antonio Mercero aretoan, 19:30ean.