Zaborren kudeaketari buruzko parte-hartze prozesua martxan jarriko du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 17:30
Udal ordezkariak lurazpiko, zein azaleko edukiontziak dauden gune batean.

Udal ordezkariek prozesuaren berri eman dute gaur goizean egin duten agerraldian. Lurazpiko edukiontziak edo azaleko edukiontziak erabiltzeko galdeketa egingo dute, baina lehenik informazio saioak egingo dira iraila eta urrian auzoetan. Lehenak Oria eta Basaundi bailaran izango dira

Lasarte-Oriako Udalak zabor kudeaketa sistemari buruzko galdeketa egingo du ikasturte honetan, lurazpiko edukiontziak edo azaleko edukiontziak erabiliko diren erabakitzeko. Parte-hartze prozesu hori martxan jarri baino lehen, informazio saio batzuk antolatuko direla jakitera eman dute gaur Jesus Zaballos alkateak, parte-hartze zinegotzi Nagore Duranek eta David Mateos Zerbitzuetako zinegotziak. 

Jesus Zaballos alkateak Lasarte-Oriak zabor bilketa egiteko erabili dituen sistemen historikoa egin du agerraldian. "Ana Urchueguia alkate zela, inbertsio handia egin zen eta lurazpiko edukiontziak ezarri ziren. Honela, Z puntuetatik, azaleko edukiontzietara pasa ginen eta gero lurazpikoetara". 

Alkateak onartu duen moduan, arazo ezberdinak medio, lurazpiko edukiontziak ezin dira erabili eta horrek mantenu handia suposatzen du. "EH Bildu agintean zela urbanizaio berrietan azalekoak jartzea erabaki zuen. Baina guk ez dugu uste gobernu aldaketa bakoitzean iritziz aldatze ona denik herriarentzat. Horregatik, iaz batzarrean eztabaidatu eta parte-hartze prozesua egitea onartu zen. Galdeketa loteslea egingo dugu, baina lehenik herritarrek informazio guztia eskuragarri izatea nahi dugu."

Bilerak

Horregatik, iraila eta urrian zehar, saio informatiboak egingo dituzte auzoetan.

Elhuyar enpresak zuzendutako saioak izango dira. Bi ordutan, ezarri ahal diren bi sistemei buruzko zehaztapen eskainiko dira txosten tekniko eta garbiketa enpresaren txostenean oinarritutakoak. Zerbitzuetako tekniko bat ere izango da  herritarren galderei erantzuteko. "Informazio aseptikoa izatea nahi dugu, konnotazio politikorik gabea," adierazi dute udal ordezkariek.

Datuez gain, lanketa txiki bat ere egingo dute. "Horren bitartez, herritarrak sistemen alde on eta txarrei buruz konsziente izango dira," azaldu dute.

Udalak bando bidez jakin araziko du auzo bakoitzeko bilera non eta noiz den. Lehen bi saioak hurrengo astean izango dira irailaren 24an eta 26an, 18:30etatik aurrera, Oria eta Basaundi bailaran.

Udal ordezkariek herritarrek bileretan parte hartzea espero dute. "Guztioi eragingo digun erabakia izango baita".

Saio horien guztien ostean, galdekeraren berri ere emango dutela iragarri dute.

Bileren egutegia

AUZOA

LEKUA EGUNA
Oria Karmengo amaren kapera Irailak 24
Basaundi bailara Auzo elkartearen lokala Irailak 26
Oztaran Udaleko pabiloia Urriak 1
Zumaburu Zumaburu ikastetxea Urriak 3
Erdialdea Mercero gunea Urriak 8
Sasoeta Gaztelekua Urriak 9
Atsobakar Garaikoetxea ikastetxea Urriak 15
Zabaleta Udaleko lokala Urriak 17