Ostadar Saskibaloia aurkeztuta, konpetitzen hasi dira Errendimenduko juniorrak eta kadeteak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 16:12
Asteburuan aurkeztu ditu taldeak Ostadar Saskibaloiak. Argazkia: Ostadar Saskibaloia.

Bederatzi taldek eta gaztetxoentzako eskolak osatuko dute Ostadar Saskibaloia saila aurten. Asteburuan aurkeztu dituzte denboraldi honetarako berrikuntzak: Errendimenduko alebinak estreinakoz ariko dira. Endika Marrahi herritarrak jarraituko du saila koordinatzen.

Larunbatean atera zuten denboraldi hasierako argazki ofiziala Ostadar Saskibaloia osatzen duten jokalariek eta entrenatzaileek. Talde askok ez zuten kamiseta urdin-beltza gainetik kendu, egun horretan bertan partiduak zituztelako: batzuek, ligakoak; lagunartekoak, besteek. 

Errendimenduko juniorrek asteburu honetan ekin diote ligari. Easo Universidad Deusto taldearekin neurtu zituzten indarrak larunbat arratsaldean, Maialen Chourraut kiroldegian. Harmailak kantxatik gertuago daude aurten, eta herritarren gurasoek eta lagunek asko animatu bazuten ere, ez zen aski izan, eta 34-38 galdu zuten. Larunbatean hasi ziren konpetitzen baita ere Errendimenduko kadeteak. Albiste bikainak Zarautzetik: 46-63 irabazi zioten urdin-beltzek etxeko taldeari. 

Senior probintzialeko 1. mailako taldeak denboraldi hasiera prestatzen jarraitzen du. Kategoria bat beherako ariko den Saski Axularren aurka jokatu zuen. Ander Otaegik zuzendutako taldea nagusi izan zen hasi eta buka: 91-31 irabazi zuen. Infantil txikiek ere jokatu zuten lagunarteko bat, Errenteriako Don Bosco kiroldegian, Oiarsoren aurka; 28-10 galdu zuten.