Playoffa irabazita, maila mantenduko du Hondarribiak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 09:44
Playoffean azkarrena izanda, Euskotren ligan konpetitzen jarraituko du Hondarribiak. Argazkia: Euskotren

Datorren urtean Euskotren ligan arraun egiten jarraituko du Hondarribia Bertako Igogailuak taldeak. Hil ala biziko kanporaketa jokatu du Hibaikaren eta Zumaiaren aurka, eta aise irabazi: bizkorrena izan da asteburuko bi estropadetan.

Lau traineru gipuzkoarrek konpetituko dute 2020ko Euskotren ligan, azkeneko bi urteetan bezala: Oriok, Arraun Lagunakek, Donostiarrak eta Hondarribiak. Azken horrek pasa den asteburuan lortu zuen kategoria mantentzea. Playoffak jokatu zituen Ama Guadalupekoak Bizkaian, Hibaikaren eta Zumaiaren aurka. Bi jardunaldi horietan aritu zen Intza Fernandez lasarteoriatarra.

Hil ala biziko lehenengo estropada larunbatekoa izan zen, Bermeon. Hobeto ekin zion lanari Hibaikak, baina ziaboga inguratu ostean azkar batean hasi zen arraunean Hondarribia, erritmo bizian eta nekaezin. Abantaila oso onak lortu zituen iganderako: bederatzi segundo atera zizkien errenteriarrei, eta hamasei zumaiarrei. Hurrengo egunean Madalen eta Telmo Deun traineruak baino gehiago zela berretsi zuen Ama Guadalupekoak; azkarrena izan zen helmugan.