Bitik bi lehenengo jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2019ko irailaren 17a

Artetxe eta Elola (atzean, ezkerrean), iazko ezker hormako txapelketan.

Ezin hobeto ekin diote Intzako pilotariek Gipuzkoako ezker hormako txapelketari: bitik bi neurketa poltsikoratu dituzte. 22-12 irabazi diote Zazpi Iturriri Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak, 1. mailan. Koxka bat beherago ari dira lehian Haritz Urkia eta Gaizka Iruretagoiena; 22-19 garaitu dute Tartaloetxe.

Bitik bi partida zakura. Ezker hormako Gipuzkoako txapelketa hasteko modu ezin hobea. Intzako bi bikote ari dira lehian: Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola, 1. mailan; koska bat beherago, Haritz Urkia eta Gaizka Iruretagoiena. 

Amezketako Zazpi Iturriko Zabalarekin eta Olanorekin neurtu zituzten indarrak herritarrek. Paretsua izan zen neurketa hasieran: urdinak joan ziren aurretik, 10-9, Artetxek eta Elolak norgehiagoka apurtu zuten arte. Forma fisiko hobea eta atzelariaren nagusitasuna baliatu zituzten partzial ederrak sartu eta 22-12 irabazteko.

Zegamako pilotalekuan jokatu zuten Urkiak eta Iruretagoienak, Tartaloetxeko bikotearen aurka. Gorabehera askoko partida izan zen: 16-7 zihoazen irabazten Intzakoak; 16-18 hartu zuten aurrea gero zegamarrek; eta 22-19 irabazi zuten azkenean lasarteoriatarrek. Bikote bakoitzak neurketara eraman zituen pilotak oso desberdinak ziren; bakoitzak berea ateratzean min egin zioten aurkariari, baina Intzakoak hobeto aritu ziren.