Mendizale: hartu errotulagailu gorri bat, joan egutegira, eta biribildu irailaren 29a, igandea. Kirol ekitaldi bat prestatu du Lasarte-Oria Trail elkarteak egun horretarako: Lasarte-Oriako Mendi Festa. "Herri ingurua ezagutarazi nahi dugu, eta kirol jarduera osasuntsua bultzatu", nabarmendu zuten Joseba Iparragirre eta Javi Olazagoitia antolatzaileek atzo arratsaldean, Antonio Mercero aretoan. "Norberak nahiago duen moduan goza dezala: oinez, korrika edo saltoka".
Lasarteoriatar guztiei egin diete tokia. Bi ibilbide prestatu dituzte. Motza edo familiarra da horietako bat, 12,5 kilometrokoa eta 700 metroko desnibel positibo metatukoa. Sei ordutan bukatu beharko dute proba parte hartzaileek. Haurrekin joateko dago pentsatua; Buruntza mendia igoko dute. Ibilbide luzeak 25 kilometro ditu, eta 1.350 metroko desnibela. "Mendira joateko ohitura dutenentzako prestatu dugu; Buruntza eta Andatza igoko dituzte", adierazi zuten Iparragirrek eta Olazagoitiak.
Izen-emateak, erritmo onean
Antolatzaileek kalkulatzen dute ehun pertsona inguru apuntatuko direla ibilbide bakoitza egitera. "Asko poztuko ginateke partehartze kopuru horiek lortuko bagenitu". Erritmo onean doaz izen-emateak: 45 pertsonak daukate asmoa ibilbide luzea egiteko, oraingoz. Ibilbide motza egitera ez dira hainbeste apuntatu oraindik, baina Iparragirre eta Olazagoitia ez daude kezkatuta: "Eguraldiaren zain daude asko, plana egin edo ez erabakitzeko".
Kirolprobak atari digitalaren bitartez ari dira izena emateko aukera ematen. Mendi martxaren aurreko egunetan Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian jarriko dituzte mahaiak antolatzaileek, irailaren 25etik 28ra. Ordutegiak, hauek: 11:00etatik 13:00era –irailaren 28an soilik– eta 17:00etatik 20:00etara –aipatutako egun guzti horietan–. Ibilbide luzea egiteko 16 urte eduki beharko dituzte parte hartzaileek, eta 10 euro ordaindu. Ibilbide familiarra haurrekin joateko dago pentsatua: 4 euro ordaindu beharko dituzte etxeko txikienek; helduek, 10.
Poltsa eta zozketak
Parte hartzaileei poltsa bana emango diete antolatzaileek. "Gustatuko zaie; lasterketa batzuetan baino gauza gehiago sartuko ditugu". Txartel bat ere jasoko dute ibilbideari ekin aurretik. Mendizaleek kontrol postu guztietan zigilatu beharko dute, bukaerako zozketetan parte hartu nahi badute. Herriko komertzio askoren produktuak eta eskaintzak zozkatuko dituzte. "Izugarria izan da denden erantzuna: ez dugu ezezko bakar bat ere jaso", aipatu zuten antolatzaileek. Martin Berasategi jatetxeko bi menu irabazi ditzakete parte hartzaileek, besteak beste.
Anoa postu ugari jarriko dituzte bidean zehar: ura, edari isotonikoak, fruta... Indarrak berritzeko beharrezko guztia. Parte hartzaileak galdu ez daitezen, seinaleztatu egingo dute ibilbidea. Antolatzaileak eta boluntarioak egongo dira puntu askotan, mendizaleei laguntzeko. Baten batek osasun arazorik izanez gero, DYAko kideek artatuko dute.
Mendi martxan parte hartu eta gero etxera joan ezin edo nahi ez dutenek badute herrian dutxatzeko aukera bat: Maialen Chourraut kiroldegiak 15:00ak arte zabalduko ditu ateak igande horretan, irailak 29.
Urtebetez lanean
Lasarte-Oria Trail elkarteko kideek urtebete inguru daramate Lasarte-Oriako Mendi Martxari forma ematen: bilerak, tramiteak, ibilbideen diseinuak, izen-emateak... ero moduan dabiltza azken asteetan. Ilusiorik ez zaie falta, ordea. Iparragirrek eta Olazagoitiak esplikatu zuten froga bat egingo dutela aurten, ikusi nola irteten den iraileko azken igandeko martxa hori. Lasarte-Oriako Udalarekin elkartuko dira gero –material ugari utzi die antolatzaileei–, eta kirol ekitaldia baloratu. "Asko gustatuko litzaiguke trail lasterketa bat antolatzea Lasarte-Orian; uste dugu herriak behar duela horrelako proba bat".
Mendi martxaren babesleen eta udalaren laguntza eskertuz bukatu zuten agerraldia Iparragirrek eta Olazagoitiak.