Iraila iristearekin batera, jubilatuak kalera irten dira berriz ere

Maddi Zaldua 2019ko ira. 17a, 09:16

Udako etenaldiaren ostean, pentsioen borrokari eutsi diote pentsionistek, eta Okendo plazara atera dira astelehen goizean

Irmotasunez jarraituko dute borrokan Lasarte-Oriako pentsionistek. Horrela azaldu dute astelehen goizean Okendo plazan egindako agerraldian. 

Espainiako egoera politikoarekin kezkatuta, hauteskunde berriek, pentsio sisteman ondorio "txarrak" izan ditzakeela azpimarratu dute. 

Gobernuak pentsio sistema publikoa, zerbitzu publikoak eta ongizate estatuaren murrizketen alde ari dela salatu dute, eta hori "onartezina" da pentsionistentzat.

Gogora ekarri dute, hauteskundeetan, gizarte eskubideak bermatuko dituen gobernu aurrerakoi eta herritar baten nahia azaldu zuela gizarteak, baina, egun, milaka pentsionistek argindarraren, gasaren eta medikamentuen kostuak ezin ordaindu jarraitzen dutela. "Benetako larrialdi egoera" bizitzen ari dira. Horregatik, "bizitza duina ziurtatzeko", 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzen jarraituko dute.

Horrekin batera, sexuen arteko arrakala ere agerian utzi dute, eta horrekin amaitzeko nahia ere azaldu dute, Okendo plazan egindako agerraldian.

Alderdi politikoei erantzukizuna eskatu diete pentsionistek: "ezberdintasun eta konfidantza ezaren aurrean, milioika pentsionisten beharrei kasu egin behar diete".

 

Urrian, Madrilera

Urriaren 16an pentsionisten manifestazioa egingo da, Madrilen, eta bertara joateko deia egin dute Lasarte-Oriako pentsionistek. Goizeko 11:00etan abiatuko da martxa Sol-etik, eta Diputatuen Kongresuan amaituko da. Horren ostean, kontzentrazioa egingo dute, Kongresuaren aurrean.