Eztanda egin du musikak Hipodromoan

Beñat Lizaso Garcia - Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 16a, 12:32

Mala Rodriguezen emanaldiak zur eta lur utzi zituen ikus-entzuleak bereganatu zituen.

Bi egun iraun ditu Donostia Festibalak eta 18.000 lagun hurbildu dira Hipodromora musika hiritarraz gozatzera. 

Ostiralean hasi zen Donostia Festibala. Kartelean izen handiak zeuden eta bertaratutako ikusle kopuruan argi ikus daiteke hori. Lehenengo egunean 8.000 gazte hurbildu ziren Hipodromora, jaialdiak iraun dituen bi egunetan, guztira, 18.000 lagun inguru izan dira lau eszenatokietan eskainitako ikuskizunak gozatzera hurbildu direnak. 

Jaialdia irekitzeaz Rukula taldea arduratu zen. Hitzik gabeko abestiak egiten ditu baketen arduradun Oihan Agirretxe lasarteoriatarra duen taldeak. Bukowski eszenatokira oholtzaratu ziren gazte gipuzkoarrak. Hauen atzetik IRA madrildarrak izan ziren Donostia eszenatokian. Rap feminista zorrotzarekin astindu zituzten Hipodromoan jarri zuten karpako izkina guztiak. 19:15etan Lagrimas de Sangre kataluniarrek ireki zuten oholtza nagusia. Euren rap eta reggae doinuekin milaka gazteren besoak airean jarri zituzten. 

Dantzarako tartea ere egon zen Tremenda Jauria laukote madrildarraren kunbia eta regetoi feministarekin. La Pegatina taldearen erritmo biziek ere Hipodromoa hankaz gora jarri zuten. Ziur Mari Carmenen semea, atzo ere, azkena izan zela etxeratzen. Hala ere, Mala Rodriguezek beste behin erakutsi zuen nork agintzen duen. Bere ikuskizuna izan zen jendetsuena eta ikusgarriena. Argiztapen, atrezzo eta dantzariez lagunduta estatu mailan emakumezkoek egindako raparen aintzindaria den cadiztarrak aho zabalik utzi zituen ikusleak. 

Larunbat gaua, euskaldunen erritmora

Gatibu eta Iseo&Dodosound with the Mousehunters izan ziren larunbat gaueko protagonista nagusietako bi. Alex Sardui eta enparauek Azken indioak laneko pieza berriak uztartu zituzten euren abesti klasikoenekin: Urepel, Bang bang txik txiki bang bang, Zoramena eta Zeu, zeu, zeu!, besteak beste. 

Leire Villanueva Iseo nafarrak hankaz gora jarri zuen eszenatoki nagusia. Dodosound DJarekin eta Mousehunters osatzen duten musikariekin batera emanaldi ikusgarria eskaini zuen, eguneko indartsuenetako bat. Kontzertu hori hasi baino lehenagotik bazituen zale asko; larunbat iluntzetik aurrera, are gehiago. 

Ayax y Prok rap-abeslari bikotea, Bad Gyal, Beret, Tote King edota La Plata izan ziren larunbatean zehar oholtzetara igotako artistetako batzuk. Parranderoenek Hipodromoko ateak itxi arte luzatu zuten festa, DJen gunean.

 

Erlazionatuak

Donostia Festibala, ostirala

Beñat Lizaso Garcia 2019 ira 15 Kultura

Donostia Festibala: larunbat gaua

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 ira 16 Kultura