Intzako pilotariak, kantxetara berriro

Txintxarri Aldizkaria 2019ko irailaren 13a

Intza Kirol Elkarteko pilotariek gaur ekingo diote Gipuzkoako Ezker Hormako txapelketari. Senior mailako bi talde aterako ditu klubak aurten, 1. eta 2. mailetan. Hauek izango dira pilotariak: Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola; eta Haritz Urkia eta Gaizka Iruretagoiena. Binaka ariko dira.

Artetxek eta Elolak Amezketako Larrunarrri pilotalekuan jokatuko dute ligaxkako aurreneko partida, larunbat goizean, 11:30ean. Zazpi Iturri elkarteko pilotariekin neurtuko dituzte indarrak. Eguneko bigarren partida izango da hori.

Urkiak eta Iruretagoienak ere etxetik kanpo hasiko dute denboraldia. Gaur lehiatuko dira Tartaloetxeren aurka, 20:00etatik aurrera, Zegamako udal pilotalekuan. 

Ongi konpetitu nahi dute bi taldeek. Helburua, argia: datorren urtean bi kategoria horietan jokatzen jarraitzea.