Udalak terrazen araudiari buruzko herri-kontsulta jarri du martxan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 14a, 09:00

Lasarte-Oriako Udalak terrazen ezarpena eta ezaugarriak arautuko dituen ordenantza bat egitea aurreikusten du. Herritarrek irailaren 26a arte izango dute haien iritzi eta proposamenak bidaltzeko

Udalak terrazen araudi berria landuko du eta 39/2015 Legearen arabera, erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua egin baino lehen kontsulta publiko bat egin behar du. Hori dela eta, herritarrei haien iradokizunak bidaltzeko epea ireki du.

Kontsultak ostalaritzako jardueretako terrazak ezartzeko baldintzak arautzea du helburu, haien ingurunean bizi direnen atsedenarekin bateragarriak izan daitezen. Udalak egokitzat jotzen du herritarrek galdera hauei erantzutea: zeintzuk dira ezartzeko baldintzak, terrazen ordutegia eta baimena jaso dezaketen terraza-motak. Terrazak arautzeari buruzko bestelako ideiak ere eskaini ahalko dituzte herritarrek.

Udaleko erregistroan, partehartzea@lasarte-oria.eus helbide elektronikoan edo udaleren webgunean jasoko dituzte proposamenak. Irailaren 26a izango da ekarpenak aurkezteko azken eguna.