Ostadar Saskibaloiak bihar aurkeztuko ditu aurtengo denboraldiko taldeak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 13a, 16:34
Lagunarteko ugari jokatu zituzten Ostadar SKTko taldeek asteburuan. Argazkia: Ostadar Saskibaloia.

Irailaren 14a, saskibaloiaren eguna. 2019-2020 denboraldiko berrikuntzak aurkeztuko ditu bihar Ostadar Saskibaloiak. Argazki ofizialak egin eta lagunartekoak jokatuko dituzte. Bederatzi talde ariko dira aurten; berrikuntza, Errendimenduko alebinak. Zalantza batzuk izan eta gero, Endika Marrahi lasarteoriatarrak jarraituko du saila koordinatzen. 

Denboraldi-aurrea ez da garairik atseginena izaten jokalarientzat. Entrenamendu fisikoagoak, giharretako minak, izerdi-tanta etengabeak... Larunbatekoa, ordea, egun polita izango da: lagunartekoak jokatuko dituzte askok, eta Ostadar Saskibaloia sailaren argazki ofiziala egiteko dotore jantzi, urdin-beltzez, hastear den denboraldiko ekipazio berriekin.

Berrikuntza gehiago: bederatzi taldek konpetituko dute hainbat kategoriatan. Errendimendu mailako alebinek debutatuko dute aurten. Beste guztiek aurreko denboraldietan hasitako bidea jarraituko dute, baina aurpegi berriekin. Esate baterako, emakumezko seniorrek. Junior taldetik bost jokalari igo dira: Larraitz Izagirre, June Eizmendi, Maialen Sevillano, Itsaso Ariztimuño eta Marta Escudero. Harrobiko lana. Bi fitxaketa egin dituzte: Añorgan jokatu, baina Lasarte-Oriakoa den Eneritz Buiza eta Ane Alberdi donostiarra –Askatuak taldean aritu da–. Uxue Rodriguez, Haizea Furundarena, Paula Ugarte, Haizea del Olmo eta Yaiza Navarro ez dira taldean ariko aurten. Leire Belartietak, Laura Gutierrezek, Leire Beldarrainek, Uxue Anabitartek, Alicia Jimenezek eta Itxaso Mercerok jarraituko dute. Ander Otaegik zuzenduko du taldea aurten ere. Lau denboraldi daramatza lemazain lanetan.

Hobekuntzak kiroldegian 

Maialen Chourraut kiroldegiko instalazioek zaharrak dira. Hori dela eta, teknikariek egin dituzte konponketa batzuk udan zehar: moduloko bi zelaiak oraintxe margotu dituzte, eta denboraldian zehar harmailak ohi baino gehiago irekiko dituzte, jokalariek gertuagotik entzun ditzaten zaleen animoak.

Animo ugari jaso ditu baita ere Endika Marrahik, sailaren sortzaile eta koordinatzaileak. Denboraldi amaieran jarraitzeko zalantza ugari izan zituen, eta erabaki zuen denbora batez lan hori uztea. Atzera egitea erabaki du, ordea. Jokalari askok eskatu diote jarraitzeko, eta klubak ere bai: baldintza berriak eskaini, eta onartu egin ditu Marrahik. Azkeneko urteetakoetan bezala, 2019-2020 denboraldiko argazki ofizialean ere aterako da.

Taldeak eta entrenatzaileak

Arestian esan bezala, bederatzi taldek konpetituko dute aurten, hainbat kategoriatan. Saskibaloi eskola ere aterako dute aurten: 8 eta 11 urte bitarteko haurrei irakatsiko dizkiete kirol horren nondik-norakoak. Hauek izango dira entrenatzaileak:

  • Infantil txiki neskak: Olatz Castro eta Endika Marrahi.
  • Infantil Haundi: Aitor Las eta June Eizmendi.
  • Partizipazioko kadeteak: Endika Marrahi eta Laura Perez.
  • Errendimenduko kadeteak: Jonatan Reino eta Nahia Carrillo.
  • Partizipazioko juniorrak: Jonatan Reino eta Gaizka Urreizti.
  • Errendimenduko juniorrak: Endika Marrahi eta Beñat Elizegi.
  • Senior gizonezkoak: Endika Marrahi.
  • Senior emakumezkoak: Ander Otaegi.