Ikastolara bueltatzea... Txikia nintzela, desiatzen egoten nintzen egun hori iristeko. Abuztua aspergarria egiten zitzaidan lagunak oporretara edo al pueblo joaten zirelako, eta, ni, normalean, herria zaintzen geratzen zen horietakoa izaten nintzen, nire pueblo hemendik kilometro eskasera baitago, Zubietan (bai, Gipuzkoakoan).
Gero, koskortutakoan, pasatzen joan zitzaidan abuztuko malenkonia hori, eta ikastolan hasteko egunak kontatzen nituen… baina haiengandik ihes egin nahian. Azken finean, errutina, etxeko lanak, azterketak… nerabe bati nahikoa buruhauste sortzeko arrazoi sendoak dira.
Baina izango dira ere benetan ikastolara bueltatzeko gogo izpirik ere edukiko ez dutenak; beren barruan arrazoi bat bera ere topatuko ez dutenak ikasgeletako ateak zeharkatzeko; gelakideak ikusteko gogoz beharrean, haiengandik urrundu nahi dutenak; ikastola infernu bezala bizi dutenak. Haientzat ere (edo lanean edo beste esparruren batean sufritzen ari direnentzat) hasi da ikasturte berria, zoritxarrez.
Horregatik, urte berriak asmo onez betetakoak izaten direlako, nire desioetako horixe izango da, orri txuriak bizikidetzaz bete ditzagula; ikasturte berria, gutxi-asko, ona izan dadin denentzat.
Urte berri on!