Zudaire, Munduko txapelketako finalean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 13a, 10:00
Arg.: Buruntzaldea IKT

Nahia Zudaire Munduko txapelketan lehian ari da Londresen. 100 m. tximeleta finalean lehiatu zen asteazkenean. Espainiako bi errekor ondu ditu. Bestalde, herriko igerilariak lau itsas zeharkalditan parte hartu dute. Guztietan izan da herritarren bat lehen postuetan

Nahia Zudaire igerilaria lan ederra egiten ari da Munduko txapelketan. Zudairek bost proba egingo ditu txapelketa honetan: 50 m., 100 m. eta 400 m. libre, 100 m. tximeleta eta 200 m. estilo. Dagoeneko hiru jokatu ditu eta 100 m. tximeletako finalean egon da lehian.

Astelehean izan zuen lehen proba Buruntzaldea IKTko igerilariak. 100 m. librea eta finalera sailkatu ez bazen ere, bere marka pertsonala ondu eta Espainiako errekor berria ezarri zuen.

Asteazkenean, 100 m. tximeletako proban bikain aritu zen gaztea. Sailkapenean bere marka hobetu eta finalerako txartela lortu zuen. Finalean, berriz, maila ederrean lehiatzen ari dela erakutsi zuen bere marka berriro jaitsiaz, 1:21:87. Marka hori Espainiako errekor berria ere bada.

Atzo, osteguna, 400 m. librean  5:21,47an geratu zuen kronoa eta ezin izan zuen finalean egon.

Baina ez du lana amaitu gazteak. Gaur, 11:00etan, Londreseko orduan,  50 m. libreko sailkapena jokatuko du eta bihar Londreseko igerilekuari agur esango dio, 200 m. estiloetako proban, 11:15ean. 

Itsasoan, podiumeko gorenean

Udan igerilekuko entrenamenduez gain, itsasoan ere ibili dira Lasarte-Oriako igerilariak. Azken asteetan hainbat itsas zeharkaldi egin dira eta hainbatetan izan dira herritarrak lehian. Batzuk gainera garaikurra ere eraman dute etxera.

Lehengo larunbatean, Bermeoko Salome Campos zeharkaldian hiru herritar izan ziren podiumean. Buruntzaldea IKTko Leire eta Ainhoa Martin ahizpak 1.500 m. probako lehen eta hirugarren postuak erdietsi zituzten. Master mailan, berriz, Kairoscore taldeko Xabier Elizegi izan zen lehena.

Egun berean, Kontxako itsas zeharkaldia izan zen. Bertan Buruntzaldea IKTko Nerea Irazu infantil mailako txapeldunorde izan zen eta Aitor Santosi igerilariari gazteenaren saria eman zioten.

Irailaren lehenean, aldiz, Hendaiako 1. Itsas Zeharkaldia jokatu zen. Nerea Santos garaile izan zen junior mailan eta hirugarren absolutu mailan.

Abuztuaren amaieran jokatu zen Donostiako Irla itsas zeharkaldian ere hiru herritarrek lortu zuten domina. Nora Imaz txapeldun izan zen infantil mailan; seniorretan, berriz, Ainhoa eta Leire Martin bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren.