"Esperientzia berri bat" Nizan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko ira. 13a, 11:18
Andoni Illarramendi, Akiles semea eta Pili Bodegas emaztea alboan dituela, Nizan. Astebetez egon dira han. Argazkia: A. Illarramendi.

Andoni Illarramendi triatleta herritarrak lan ona egin du Ironman 70.3 modalitateko Munduko Txapelketan, Nizan (Frantzia). 45 eta 50 urtekoen adin-tartean lehiatu da, eta 34. postuan sailkatu, 04:50:45eko denbora eginda. Atseden hartuko du orain, datorren denboraldira sasoi betean iristeko.

Triatleta zaildua da Andoni Illarramendi. Makina bat lasterketa jokatu ditu bere ibilbidean. Tartean, Munduko Ironman Txapelketa, Hawaiin, 2002an. Beste esperientzia bat gehitu dio curriculum zabalari: Nizan lehiatu zen pasa den igandean, Ironman 70.3 modalitateko –ironman erdia izenez ere ezagutzen da– Munduko Txapelketan. Egin beharreko lanak, hauek: 1,9 kilometro igerian, 90 km. bizikletan eta 21 km. korrika. 45 eta 50 urteko adin-tarteko triatletekin batera aritu zen, diziplina horretako kirolari trebeenekin.

"Zorte txar apur bat izan genuen igandean: gure adin-tartekoak azkenak izan ginen ateratzen; asko aldatzen du horrek proba", gogoratzen du Illarramendik. Triatleta profesionalak goizeko zazpietan hasi ziren egurrean; Illarramendiren taldea, berriz, bederatziak aldera. "Eguneko ordurik txarrenean hasi ginen lasterka, 12:30ak pasatxo. Trafiko asko topatu nuen proban zehar; triatletak aurreratzen pasa nuen bizikletan egin beharreko ibilbide ia guztia". Lasterketa "arraroa" izan zela dio Illarramendik. "Korrika egiten hasi nintzenerako askok bukatua zuten proba, eta giroa ez da berbera". 

Oztopoak oztopo, "gustura" dago triatleta Nizan egindako lanarekin. 04:50:45ean geratu zuen kronometroa: igerian, 32:39; bizikletan, 02:47:27; eta korrika, 01:25:10. 45 eta 50 urtekoen adin-tarteko multzoan 34. postua erdietsi zuen –510 parte-hartzaile aritu ziren–. Alexander Vinokourov txirrindulari profesional ohiak irabazi zuen kategoria horretan. Daniela Ryf suitzarrak eta Gustav Iden norvegiarrak irabazi dute Munduko Txapelketa. Illarramendi 630. izan da sailkapen nagusian.

Nizan astebetez 

Familiarekin joan zen Illarramendi Nizara, astebete pasatzera: irailaren 2tik 9ra, hain justu. "Niza eta inguruko herriak ezagutu ditugu, igandean burutu beharreko ibilbidea ezagutu, emakumeen Munduko Txapelketa ikusi [larunbatean jokatu zen]... Nizan bizitako esperientzia ez da lasterketara mugatu soilik". 

Turismoa eta entrenamenduak uztartu zituen Ilarramendik; egin beharreko zirkuituak ezagutu zituen. "Bizikletako ibilbidea menditsua zen [1.200 metroko desnibel positibokoa], eta jaitsiera arriskutsuak zituen; korrika egin beharrekoa, aldiz, laua zen". Itsasoko ura beroa zegoen igandean, lasterketa egunean. Neoprenorik gabe egin zuten igerian. "Egosi egingo ginen traje horren barruan". 

Niza eta inguruak ezagutzen ibiltzeak izan zituen ondorioak lasterketan, Ilarramendik aitortu duenez: "Hankeko mina nabaritu nuen proban zehar". Dena den, disfrutatu zuela dio. "Sari bat da munduko onenekin lehiatzea". 

Munduko Txapelketa eta gero, zer? Segundo gutxitan erantzun du triatleta lasarteoriatarrak: "Atseden hartu nahi dut, eta gorputza ongi errekuperatu, datorren urteko denboraldiari sasoi betean ekiteko". Otsail aldean hasten da konpetitzen, duatloietan.  Denboraldiko sasoi puntu onena maiatzean eta ekainean hartzen du, urte osoan zehar forma onean egoten bada ere. "Irail hasiera ez da garai onena niretzako, abuztuan ez dudalako hainbeste eta hain ongi entrenatzen. Horrela tokatu da oraingoan, eta kitto; gustura nago egindakoarekin".

Urte asko daramatza triatloian murgilduta Illarramendik. Andoaingo Zumeatarrak taldearekin aritzen da orain. "Herritarrak animatzen ditut diziplina probatzera; merezi du".