Lehengo ostiralean, irailaren 7an, euskaltegitako arduradun, zein udal ordezkariek agerraldia egin zuten Andoainen.
Prentsaurrekoan Manuel Larramendi euskaltzalearen "ezina, ekinez egina" leloa ekarri zuten gogora. Izan ere, udal ordezkariek euskara ikastea inondik ere ez dela "ezinezkoa" adierazi zuten. "Pixka bat saiatuz eta ekinez, beste edozein hizkuntza bezala ikas litekeela. Oso modu errazean: ikasiz erabili, eta erabiliz ikasi," azpimarratu zuten. Horretarako euskaltegietan ikasleek jasotzen duten laguntza eta babesa handia dela jakitera eman zuten.
Eskaintzari dagokionez, euskaltegiek maila guztietako saioak dituzte. Bakoitzaren beharretara egokitzen den ordutegia eskaintzen dute, goiz, eguerdi edo arratsalde eta Lasarte-Oriakoetan, esatea baterako, txandaka joateko aukera ere badago.
Euskaltegietara hurbildu ezin diren pertsonek ere badute aukera. Autoikaskuntza sisteman edo online zerbitzuan izena eman dezakete.
Diru-laguntzak
Bestalde, Buruntzaldean euskara ikastea garesti ez dela ere adierazi zuten.
Herri bakoitzak laguntza ezberdinak eskaintzen ditu, beti ere, gutxieneko asistentzia bat betetzen bada. Lasarte-Oriak indarrean duen beka-sistemari esker, matrikularen %85a berreskuratu ahal izango dute %85eko asistentzia betetzen duten ikasleek.
Laguntza hauez gain, HABEren diru-laguntzak ere eskuragarri daudela gogoratu zuten. "Horregatik, bada ez da garestia, merkea baizik, kasu askotan doako izateraino," adierazi zuten.
Berrikuntzak
Hau guztiaz gain, Lasarte-Oriako euskaltegiek berrikuntza batzuk dituzte ikasturte berri honi begira.
Udal euskaltegiak inbertsio garrantzitsua egin du. Ordenagailu gela moldatu da eta erabilera anitzetako gela bat sortu da.
Era berean, pantaila interaktiboak jarri dira geletan. "Helburua saioei dinamismo eta potentzialtasun gehiago ematea da", adierazi du Jesus Mari Atxu Asurabarrena udal euskaltegiko zuzendariak.
Muntteri-AEK euskaltegiaren kasuan, eskaintzan dago berririk nagusiena, C2 mailako saioak.
"Orain arte, online bakarrik egin ahal zen, baina ikasturte honetan ikastaro finkoa egongo da gure euskaltegian," azpimarratu du Olatz Urdanpilleta Muntteri-AEKko arduradunak.
Honez gain, azpiegitura batzuk aldatu dituztela ere jakitera eman du.
Euskaltegi bakoitzean edo haien web guneetan izena emateari buruzko informazio gehiago dago eskuragarri.