Ostiralean hasiko dira Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 11a, 17:12

Extremadura Etxeko zuzendaritza taldeko kideek aurkeztu dituzte aurtengo jaiak.

Zailtasun dezenterekin, baina Lasarte-Oriako Extremadura Etxeko kideek euren zaindari Guadalupeko Ama Birjina omentzeko jaiak antolatu dituzte aurten ere. 8.000 eurokoa izan da aurrekontua, iazkoaren erdia: Eusko Jaurlaritzak eta Extremadurako batzordeak ez diete diru-laguntzarik eman. Hala ere, espero dute aurreko urteetan bezainbeste jende joatea Jaizkibel plazara eta inguruetara.

Ostiral honetan hasiko dira Guadalupeko Ama Birjinaren omenezko jaiak, irailak 13. Urtero bezala, Lasarte-Oriako Extremadura Etxeak antolatu ditu. Beste urte batzuetan baino komeria gehiago izan ditu, ordea. Batez ere, diru kontuekin. 16.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz; aurten, erdia. Zuzendaritza taldeko Angel Barrerak eta Pili Fernandezek azaldu dute zergatia: "Eusko Jaurlaritzak eta Extremadurako batzordeak ez digute lagundu aurten". Lasarte-Oriako Udalak emandako diruarekin moldatu behar izan dute. "Ezin izan dugu gure jaioterriko musika talderik ekarri; pena handia eman digu horrek". Gainontzean, lortu dute aurreko urteetako ekintza esanguratsuenak mantentzea.

Horietako bat izango da larunbat eguerdiko meza. 12:00etan hasiko da. "Berezia" izango da aurtengoa, Fernandezen hitzetan: "Aurten zendu diren Juan Sanchez eta Alejandro Fernandez omenduko ditugu; beraiek sortu zuten Lasarte-Oriako Extremadura Etxea, duela 41 urte". Brotes de encina taldeak girotuko du elizkizuna. Sasoeta auzoan daukaten egoitzan ospatuko dute, urtero legez. Egitarauko ekintza gehienak Sasoeta auzoko Jaizkibel plazan egingo dituzte, eta euren egoitzan besteak.

Bandera igotzearekin, hasiera

Lasarte-Oriako Extremadura Etxearen bandera egoitza kanpoaldean jartzea da jaietako ekintzarik sinbolikoena. Bazkideak eta udal ordezkariak elkartzen dira, giro ederrean, festei hasiera emateko. Oaintxe in deu! txarangak arratsaldea girotuko du, hori baino lehen. Gaueko ekintzak, hauek: Hermanos Aguirre taldearen musika emanaldia eta Extremadurako miga entzutetsuen dastaketa.

Larunbat goizeko protagonistak haurrak izango dira. 2KN okindegian marrazki lehiaketa egingo dute, 10:30ean. Ordubete beranduago, Jaizkibel plaza etxeko txikienen barre algarez beteko da; jolasak eta tailerrak egingo dituzte han. Goizean galdutako indarrak berreskuratzeko, paella-jana egingo dute plazan bertan, 14:00etan. Semblante Andaluz elkarteko lagunek prestatuko dute. Txokolate beroa jango dute haurrek arratsaldean, eta Nafarroako Brotes de Encina taldearen doinuak jarraituz dantzatuko helduek. Gaueko dantzaldia Trio Imperial taldeak gidatuko du.

Igande eguerdian Semblante Andaluz elkarteko Gitanillas del Alba eta Zambra taldeak igoko dira eszenatokira. Bazkaria, beste behin, Extremadura Etxean: sutan pazientzia handiz egositako eltzekaria izango da plater nagusia. Arratsaldeko seietan bola-joko txapelketa egingo dute, Jaizkibelen. 20:00etan bukatuko dira jaiak, bandera jaisten dutenean.

Egitaraua, egunez egun

    Ostirala 13

  • 18:00etan, Jaizkibel plazako postua irekiko dute.
  • 19:00etan, Oaintxe in deu txaranga ibiliko da auzoan barrena.
  • 21:00etan, banderaren igoera Extremadura Etxe kanpoaldean.
  • 21:15ean, herri-afaria: Extremadurako eltzekaria dastatuko dute.
  • 23:00etan, Hermanos Aguirre taldearen musika emanaldia.
  • 01:00ean, Extremadurako migen dastaketa.

   Larunbata 14

  • 10:30ean, marrazki lehiaketa 2KN okindegian.
  • 11:30ean, haurrentzako jolasak eta tailerrak Jaizkibel plazan.
  • 12:00etan, extremadurar meza, Extremadura Etxean.
  • 14:00etan, paella-jana Jaizkibel plazan.
  • 17:00etan, txokolate-jana haurrentzat, Jaizkibel plazan.
  • 19:00etan, Nafarroako Brotes de encina taldearen emanaldia, Jaizkibelen.
  • 21:00etan, bazkideen afaria Extremadura Etxearen egoitzan.
  • 23:00etan, dantzaldia Trio Imperial taldearekin.

   Igandea 15

  • 12:00etan, Gitanillas del Alba eta Zambra taldeen emanaldiak.
  • 14:30ean, bazkaria: Extremadurako eltzekaria.
  • 18:00etan, bola-joko txapelketa, 18 urtetik gorakoentzat.
  • 20:00etan, bandera jaistea eta jaien amaiera.

Erlazionatuak

Extremadura etxea

Txintxarri Aldizkaria 2018 ira 08 Kultura