Datorren asteko larunbatean Bilbora joateko deia egin du Lasarte-Oriako Sarek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 7a, 11:00
Joan den asteko azken ostiralean atera zuten elkartasun argazkia herritarrek.

Lasarte-Oriako Sarek bat egin du Irtenbidera ekimenak antolatu duen manifestazioarekin: irailaren 14an izango da, larunbata, 17:30ean. Herritarrei dei egiten die bertara joateko.

Irailaren 16an, astelehena, 47 euskal herritarren aurkako makroepaiketa hasiko du Audientzia Nazionalak, euskal presoen babes taldeetan parte hartzea leporatuta: Herrira mugimenduan aritutakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak eta presoen abokatuak. Epaitu guztien espetxe zigor eskarien batura 601 urtekoa da; isunena, 117.600 euro. 

Epaiketa hasi baino bi egun lehenago manifestaziora deitu du Irtenbidera ekimenak, Bilbon, 17:30ean. Bat egin du deialdiarekin Lasarte-Oriako Sarek, eta herritarrak gonbidatu ditu bertara joatera. Autobusa jarriko dute; 15:30ean aterako da Tajamarretik. Ilargi eta Artizar tabernetan izena eman dezakete joatekotan dabiltzan pertsonek. 10 euro balio dute txartelek; langabetuek eta gazteek 5 euro ordaindu beharko dituzte.