Igandean erabakiko da dena

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 6a, 11:43
Aiora Belartieta, eskuinetik hasita bigarrena, Arraun Lagunak taldeko arraunlaria da. Argazkia: Euskotren Liga.

Arraun denboraldiko azken saioak deliberatuko du Kontxako Banderaren garailea. Igandean jokatuko da norgehiagoka nagusia, eta bertan lehiatuko dira Intza Fernandez eta Aiora Belartieta herritarren eskifaiak: Hondarribia Bertako Igogailuak eta Arraun Lagunak.

Uda bukatzearekin batera, arraun denboraldia ere amaierara iritsiko da igande honetan. Hilabeteetako lehiak bukatzeko asteburuko erlojupekoa besterik ez da geratzen. Ez da nolanahiko froga gainera, urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa jokatuko dute arraunlariek: Kontxako Bandera. Pasa den igandean neurtu zituzten indarrak lehen txandan, eta bandera eskuratzeko  saioa izango da igande honetakoa.

Beste hainbat arraunlariren artean, herriko kirolariak ere lehiatu dira Kontxako Badian; Intza Fernandez eta Aiora Belartieta. Hondarribian ari da Fernandez eta Arraun Lagunak elkartean, berriz, Belartieta. Azken honek harrobitik eman du saltoa (estreinakoz aritu da Lugañene traineruan), eta Kontxako Banderako lehen jardunaldian parte hartu ez badu ere, taldeak egindako lanarekin "oso pozik" agertu da.

Oriok egin du denborarik onena jardunaldiaren lehen txandan (10.43,34), eta sei segundoko aldearekin amaitu du Arraun Lagunak taldeak. "Joanaldi ona egin dugu, Oriorekin batera iritsi gara ziabogara, baina itzuleran, San Juan atzetik sartu da, eta horrek urduritu egin gaitu. Hor galdu ditugu segundoak". 
Hala ere, burua "hotz" mantendu eta estropada "ona" egitea lortu dute jardunaldiko lehen txandan: "hobetu beharreko gauzak egon dira, baina espero genuen estropada egin dugu".

Bandera eskuratzeko aukera gehien dituen arraun taldea Orio bada ere, ezer ez da ezinezkoa, eta sei segundoko aldea gainditzen saiatuko dira Arraun Lagunak taldeko arraunlariak: "Bi edo hiru segundoko aldea izango bagenu,  estuagoa izango litzateke neurketa, baina seiko alde horri ere aurre hartu dakioke, eta gu horretan saiatuko gara". 

Irabazteko aukera ez dute baztertu nahi, baina garaipena eskuratu ezean, bigarren postuari eutsi nahi diote. Horretarako, estropada "txukuna" egitera itsasoratuko dira, baina  "gozatzea" ere ezinbesteko izango dela iragarri du Belartietak.

Intza Fernandezen Hondarribiak, berriz, ez zuen gertatutakoa espero. Ohorezko txandarako sailkatzeko esperantzaz uretaratu ziren, baina lehen saioan izandako zailtasunak medio, bosgarren postuan sailkatu ziren: "Joaneko luze ona egin dugu, baina ziabogan ur korronteek kanpoaldera bota gaituzte eta egoera horri aurre hartzen galdu dugu denbora".  Bueltako luzean, berriz, itsasoa aldeko izan dute, eta hortaz baliatu diren arren, urduritasuna nagusitu da taldean, eta ez dute denbora irabazterik lortu.

Halere, Donostiarraren aurretik sailkatzea lortu dute, eta "pozik" agertu da horrekin Fernandez: "Denboraldiko etsai nagusia izan da guretzat".
Berebiziko garrantzia du badiako hitzorduak Hondarribiarentzat ere: "Ligaz kanpoko jardunaldia da, denboraldiari amaiera ematen diona, beraz, egindako lana ahalik eta modu onenean amaitzeko aukera ematen du".

Jakin badaki "edozer gauza" gerta litekeela, baina pasa den igandeko emaitzak ikusita, hirugarren edo laugarren postua borrokatuko dute. "Gure txanda irabazi nahi dugu, ahalik eta denbora tarte gehien atera gainerako traineruei, baina batez ere, Hibaikaren aurretik amaitzea, play off-ean aurkari izango baitugu". 

Denboraldiko helburuak

Aurtengo denboraldirako finkatutako helburuak bete ditu Arraun Lagunak taldeak. Aurredenboraldian Oriorekin segundo dezenteko aldearekin aritu dira, baina denboraldiko neurketetan, berriz, alde hori ez da handiegia izan. Lekeitioko norgehiagokan ere bandera eskuratu dute, eta, beraz, "pozik" egoteko arrazoiak badituzte.

Hondarribiari, berriz, zehaztutako zenbait helburuk ihes egin diote: "Play off-etik kanpo geratzea zen gure helburuetako bat, eta ezinezkoa izan da". Gauzak horrela, Kontxako Banderaren osteko asteburuan jokatuko dute Euskotren Ligari eusteko kanporaketa; larunbatean, Bermeon eta igandean, berriz, Portugaleten. ETE Ligako Hibaika eta Zumaiaren aurka neurtu beharko ditu indarrak, Ama Guadalupekoak.