Saleta, Europako txapeldunorde seven selekzioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 4a, 20:00
Saleta zilarrezko dominarekin. Arg.: A. Vega.

Abuztuaren 17 eta 18an jokatu zen Europako txapelketa Poloniako Gdanks hirian eta bertan izan zen Alex Saleta gaztea. Gorka Buenok zuzendutako taldeak maila handiko taldeak izan zituen aurrean eta finalera arte ez zuen partidarik galdu

Europako txapelketako lehen fasean, Belgika, Lituania eta Alemaniaren izan zituen arerio.  Lehen bi partidatan erraz nagusitu zen Espainia. Belgika 33-0 garaitu zuen eta 31-7ko markagailuarekin amaitu zen Lituaniaren aurkako partida. Alemaniaren aurka, berriz, gehiago borrokatu behar izan zuten garaipena, 19-14.

Emaitza horiei esker, C multzoko lehen postua eta final laurdenerako txartela ziurtatu zituen taldeak. 

Finalerako bide ez zen erraza izan. Portugalen aurkako partidan azken entsegura arte ez zen erabaki partida, 19-10. Final erdia ere, partida borrokatua izan zen. Georgiak azken minutuan 14-12ko jarri zuen markagailuan, baina Espainiako gazteek ez zuten etsi.Talde lan onari esker entsegua egin eta garaipena erdietsi zuten, 14-19.

Europako txapelketako final batean zen, berriro ere, Alex Saleta. Oraingoan, Irlandaren aurka jokatu zuen garaikurra Espainiako selekzioak. Lehen zatian, Gorka Buenoren gazteak nagusi izan ziren eta 7-12ko markagailuarekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, partida guztiz aldatu zen. Irlandarrak erasoan atera ziren, Espainiako taldeak utzitako tarteak ongi baliatu eta hainbat entsegu lortu zituen markagailuan aurre hartzeko. Espainiako jokalariek ez zuten erasorik egiteko aukerarik izan eta 26-12 amaitu zen partida. 

Alex Saletak partida guztietan jokatu zuen eta Lituania eta Georgiaren aurka lehen zazpikoan atera zen. Denboraldia era ezin hobean borobildu du Alex Saleta errugbi jokalariak, berriro ere, Europako txapeldunorde izan da. Apirilean, Errusian 18 urte azpiko mailako Europako txapeldunorde izan zen; abuztuan, 18 urte azpiko seven selekzioak lortu du balentria. 

Denboraldi berria prestatzen

Egun, Saleta bera eta goi mailetako taldeetan lehiatzen diren herritarrak denboraldi-aurrean murgilduta daude. 

Babyauto Zarautz Ohorezko B mailako taldeak hainbat lagunarteko jokatu ditu, Atletico Saqn Sebastian taldearen aurka Iñaki Quesada oroimenezkoa edo Ondres eta Arcangues taldeen aurkako hiruko txapelketa, esate baterako.

Harrobia ere lanean hasiko da. Beltzak RTko 10 urte eta 14 urte azpiko taldeek, hau da, 2006 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteek hitzordua dute gaur, ostirala, arratsaldeko 18:15ean, Michelin kirol gunean denboraldia prestatzen hasteko.