Ainhoa Martinek, lau domina Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 4a, 09:15
Martin ahizpak Terrasan izan dira udako Espainiako txapelketan. Arg.: Buruntzaldea IKT

Espainiako absolutu eta junior txapelketa, zein itsas zeharkaldiak Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dute hutsik egin abuztuko hitzordu garrantzitsuetan. Irailaren 9tik aurrera, Nahia Zudaire Londresen izango da Munduko txapelketan

Ainhoa eta Leire Martin gazteak abuztuaren 3tik 7ra Terrassan izan dira Junior eta Absolutu mailako Espainiako Udako Txapelketa lehiatzen eta emaitza onak eskuratu dituzte. 

Ainhoak lortu ditu emaitzarik onenak: urrezko domina, zilarrezko bi eta brontzezko bat eta Euskadiko bi errekor. 

Ainhoa 400 metro lau estiloetan absolutu mailako Espainiako txapeldun berria da. "Finalean sekulako 4:57,44a egin zuen, lehen aldiz 5 minutuetatik jaitsiz, Euskadiko 16 urteko errekorra onduz," azaldu du Borja Apeztegia  entrenatzaileak.

100 m. eta 200 m. bular proban junior finaletan izan da eta bietan bigarren postua erdietsi du bere markak hobetuz. 200 m. bular proban, gainera, Euskadiko 16 urteko errekorra hautsi du.

200 m. estilo proban lortu du Ainhoak azken domina, brontzezkoa.

Leire ere lau finaletan izan da. 400 metro lau estiloetako proban junior mailako finalean seigarren denbora onena egin du. Baina kanporaketan hobeto ibili da gaztea eta bere marka pertsonala ondu du, 5:02,19.

Saio berean, 100 m. bizkar probako finalerako sailkapena lortu du. "Logikoki, probari aurre egiteko modu onenean ez bazegoen ere, bikain aritu da, bai kanporaketan eta baita finalean ere bere onenean arituz".

200 m. bizkar finalean 2:22,99 marka egin du, "aspaldiko partez berriro ere egitea lortu du".Azkenik, bere ahizparekin batera 200 m. estiloko probako finalean izan zen.

Ahizpek egindako proba kopurua aipagarria da Buruntzaldea IKTko entrenatzailearen hitzetan. "Biek parte hartutako proba bakoitzeko finaletan izatea lortu zuten, guztira lau probak bitan burutuz eta beti maila paregabean arituz. Leireren kasuan gainera, lehen egunean bi proba jarraian izanik". 

Itsasoan ere lehen postuetan

Ur handietako probetan ere ederki moldatu dira Buruntzaldea IKTko igerilariek.

Nora Imazek Paseo Berriko Itsas zeharkaldia irabazi zuen eta Laura Igea seigarren izan zen. 

Nahia Zudairek, berriz, Mediterraneoko uretan lortu zuen garaipena. Gandiako 2.700 metroko zeharkaldian lehenengo izan zen eta 850 metroko proban, hirugarren. 

Astelehena, irailaren 9tik aurrera Zudaire Munduko txapelketan lehian izango da, Londresen.