Giza katea, erraustegia gelditzeko

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 3a, 18:00
Gaur goizeko agerraldiko irudia. Arg.: Errausketaren Aurkako Mugimendua

Errausketaren Aurkako Mugimenduak Giza Katea antolatu du igandean, irailaren 8an, goizeko 11:30ean, Kontxako hondartzan. Gaur goizean gipuzkoarrei ekimenean parte hartzeko deia egin die. Talde politiko, ekologista eta sindikatuen babesa du

Aurreko urteetan bezala, Errausketaren Aurkako Mugimenduak erraustegiaren aurkako Giza Katerako deialdia egin du. Hitzordua igandean izango da Kontxako hondartzan, 11:30ean.

Aurtengoan egoera berria da, erraustegia eraikia dago eta. Horrek, ordea, ez du mugimenduaren aldarrikapena aldatuko eta erraustegia gelditzeko ahalegin guztiak egingo ditu. "Ez dugu etsiko. Planeta bizigarri baten alde gaude eta horregatik ezin dugu onartu erraustegia".

Gaur goizean mugimenduak azaldutakoaren arabera, 2018an Gipuzkoan sortutako errefusa erraustegiak erre dezakenaren erdia izan da gutxi gora behera eta gutxitzeko joerarekin jarraitzen du urtez urte. Horregatik galdera zuzena egin die mugimenduak erraustegia kudeatuko duen Urbaser enpresari eta agintariei: "Nola osatuko duzue eraikitako monstruoa elikatzeko beharrezkoa den zaborra? Zaborra inportatzen hasiko al zarete Europako hainbat erraustegiek egiten duten moduan?".

Donostiako udalaren jarrera ere salatu dute, "lau urtetan ez baitu ezer egin egoera nazkagarria aldatzeko". Mugimenduak ulergarritzat hartzen du egoera, "Donostiak erraustegia behar du eta erraustegiak Donostia behar du!". Agerraldian azpimarratu dutenez, Donostiak bakarrik erraustegiak behar duen erregaiaren zati handiena sortzen du eta beste herrien bidea jarraituz gero, erretzeko zabor eskasia larria izango litzateke. "2018an biztanleko errefus gehien sortu zuen Gipuzkoako herria izan zen, 288 kg; beste herri gehienek 100 kg biztanleko sortu zuten bitartean eta bataz bestekoa 160 kg izan zenean." 

Kliman eragina

Bestalde, erraustegiak klima aldaketan izango duen eraginaz mintzo da mugimendua eta erraustegia Gipuzkoako enpresa kutsagarriena izango dela argitara eman dute. "Erraustegian erretako zabor kilo bakoitzeko gutxi gora behera kilo bat CO2 sortuko da eta erraustegiak urtean isuriko dituen nitrogeno oxido kantitatea 150.000 turismo dieselek bakoitzak 10.000 km eginez aireratutakoen parekoa izango da. Gogoratu hauek direla, metanoarekin batera, gure planeta galbidera daramaten gas kaltegarrienak".

Horregatik, agintariei klimari buruzko hitz potoloez gain, neurriak ezartzea eskatu dizkie. Horiek ekonomia zirkularrean oinarrituak egon behar dute mugimenduaren ustez, "murriztu (batez ere plastikoen erabilpena), berrerabili, birziklatu, konpostatu eta geratzen den errefusa egonkortu ondoren zabortegira bidali".

Ez da hori agintariei egindako eskaera bakarra izan. Negozioen bidea alde batera utzi, ohiturak aldatzeko ekimenak sustatu eta etorkizun jasangarri baten alde egitea ere guztion onurarako izango litzatekeela azpimarratu du mugimenduak. Izan ere, aipatu denez, "gure seme-alabentzat, gure bilobeentzat planeta bizigarria nahi  baldin badugu, ezin dugu biharko utzi".