Valentziaren aurka hasiko du liga Realak, igandean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 5a, 12:03
Realeko jokalariak, abuztu bukaeran irabazitako Euskal Herria Kopa ospatzen, Azpeitiako Garmendipe zelaian. Argazkia: Real Sociedad.

Ilusioz eta sasoi betean ekingo dio Iberdrola Ligari Realak asteburu honetan. Etzi neurtuko ditu indarrak Valentziarekin, Paternako futbol zelaian, 18:00etatik aurrera. Prestaketa neurketetako dinamikarekin jarraitu nahi du: partida bakar bat ere ez dute galdu.

Aurredenboraldi bikaina egin du Realak. Lau partida irabazi ditu, eta bi berdindu. Euskal Herria Kopako finalekoa izan da garaipenik garrantzitsuena. Athleticen itzalpean urte dezente pasa ostean, txuri-urdinek erakutsi dute haien maila berean daudela gaur egun. 3-0 irabazi zieten.

Udan zehar erakutsitakoa berrestea dagokie orain. Ilusioz eta sasoi betean ekingo dio Iberdrola Ligari Gonzalo Arconadak entrenatutako taldeak. Etxetik kanpo jokatuko du aurreneko partida, etzi, Paternako futbol zelaian, 18:00etan. Valentziarekin neurtuko ditu indarrak.

Pasa den denboraldian Erreginaren Kopa irabazi ostean, klubak indartu egin du Realaren proiektua. Merkatua ireki aurretik egin zuen aurreneko "fitxaketa". Nahikari Garcia aurrelariak 2021. urtera arte kontratua luzatuko zuela iragarri zuen. Atzeko eta aurreko lerroak ere sendotu ditu talde txuri-urdinak. Ana Tejada, Lucia Rodriguez, Barbara Latorre eta Carla Bautista fitxatu ditu.

Aurpegi berri batzuk, eta ezagun asko. Horietako bat, Iraia Iparragirre herritarrarena. Eskuin zein ezker hegalean aritzen den defentsak bost denboraldi daramatza Realean. Gero eta pisu gehiago du aldagelan eta zelaian: Logroñoren aurka kapitain izan zen.

Lau garaipen eta bi berdinketa 

Aurredenboraldi oso ona egin izanak ez du bermatzen ligan ere maila hori mantentzea, baina seinale ona izan ohi da. Oso ona. Sei partida jokatu ditu Realak entrenamenduak hasi zituenetik. Balantzea, honakoa: lau irabazi ditu (Osasuna, Logroño, Athletic eta Madrid) eta bi berdindu (Girondins eta Alaves). Dinamika horrekin jarraitu nahi dute. Udako emaitzak:

  • Reala 1-0 Osasuna
  • Girondins 2-2 Reala
  • Alaves 1-1 Reala
  • Logroño 0-4 Reala
  • Reala 3-0 Athletic (Euskal Herria Kopa)
  • Madrid 0-5 Reala