Maialen Chourraut zazpigarren Munduko Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 3a, 10:54
Maialen Chourraut, artxiboko irudi batean. Argazkia: La Liga Sports.

Maialen Chourraut piraguistak zazpigarren postua erdietsi du Munduko Kopako laugarren proban, Markkleeberg hirian (Alemania). Hilabete bukaeran munduko txapelketa jokatuko du Seun (Lleida). 

Irailaren 25etik 29ra Seun jokatuko den munduko txapelketa prestatzen jarraitzen du Maialen Chourraut piraguistak. Garrantzitsua izango da hitzordu hori, bertan jokatuko baitu Espainiako Federazioak datorren urteko Joko Olinpikoetara sailkatzeko txartela. 

Ahalik eta sasoirik onenean iritsi nahi du herritarrak zita horretara. Munduko Kopako laugarren proba jokatu zuen Markkleeberg-en pasa den asteburuan. Finalerdietan ederki aritu zen: hirugarren denbora onena eginda sailkatu zen finalera. Azken jaitsieran, ordea, ezin izan zuen aurrez egindakoa errepikatu, eta podiumetik hiru segundora geratu zen, zazpigarren postuan. Ricarda Funk alemaniarra izan zen azkarrena. Podiumaren beste bi koxketara Jessica Fox australiarra eta Stefanie Horn italiarra igo ziren.