Armairuak bete, sakelak hustu gabe

Txintxarri Aldizkaria 2019ko ira. 2a, 17:11
Aterpea elkarteko kideak eta udal ordezkariak, gaur eguerdiko aurkezpen prentsaurrekoan.

Hastear den denboraldiko produktuak jaso dituzte Lasarte-Oriako komertzioek. Haiek saltzen hasi aurretik, ordea, tokia egin behar dute, eta udaberri eta udako jantzi, etxetresna elektriko eta beste hainbat produktu saltzen saiatu. Eskaintza erakargarriak prestatu, eta Stock Azoka antolatu dute Aterpea elkartearekin eta Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean.

Armairuak bete, sakelak eta diruzorroak guztiz hustu gabe. Aukera hori eskaintzen die herritarrei Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak antolatu duen Stock Azokak. Udaberriko eta udako hainbat produktu topatuko dituzte herriko bederatzi komertziotan. Hauek dira: Imagine jantzi denda, Electricidad Arregui, Artesania Ines Flores, Dulce Tentacion, Iturbe Oinetakoak, Leder Oinetakoak, Olmi Mertzeria, Mabel Moda eta Alba Moda. Eskaintza bereziak ostiral eta larunbat honetan egingo dituzte, irailaren 6an eta 7an. Ordutegiak eta deskontuak dendek erabakiko dituzte. Karpa batzuk jarriko dituzte kanpoaldean. Lasarte-Oriako Udalak utziko dizkie.

Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek eman du ekimenaren berri: "Helburua da hastear den denboraldiko materialari dendetan tokia egitea; udako eta denboraldiko produktuak salduko dituzte parte-hartzaileek, eskaintza erakargarriak eginez". Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute egitasmo hori. Eskerrak eman dizkie Ormazabalek laguntzagatik. 

Nuria Fernandez Sozioekonomia zinegotzia ere gerturatu da aurkezpen prentsaurrekora. Eskaintzak egitera animatu diren komertzioen lana nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkio Aterpeari merkataritza txikia sustatzearen alde egiten duen lanagatik.

Lehenengo edizioa, 2008an

Duela 11 urte antolatu zuen Aterpeak Stock Azokaren aurreneko edizioa. Michelingo tenis pistetan jarri zituzten postuak herriko 22 dendak. Oso arrakastatsua izan zen ekimena. Orduz geroztik, herriko dendariek ekitaldi horren bitartez saldu izan dituzte soberakinak.

Lehenengo edizioak arrakastatsuak izanik ere, antolatzaileek erabaki zuten beste toki batean egitea Stock Azoka. Loidibarren pilotalekua aukeratu zuten, Lasarte-Oriako erdigunetik "gertuago" zegoelako. Dendetan egiten dute orain.