Mendekotasun arriskuan edo egoeran dauden adineko pertsonei egunezko arreta emateko Lasarte-Oria udalerriko KonTent-Tu zerbitzua kudeatzeko lehiaketa publikora lau enpresa aurkeztu dira udalak jakitera eman duenez. Horietatik Gizatzen enpresa izan da irabazle. Egindako eskaintzak 53.610 euroko zenbatekoa du urteko.
Enpresak, gainera, hobekuntza batzuk proposatu ditu oinarrizko zerbitzuaren osagarri gisa: urtean aparteko lau jarduera egitea, erabiltzaileen familiarteko eta/edo zaintzaileekin 18 orduko prestakuntza egitea, erabiltzaileekin bina orduko lau ekintza formatibo egitea eta pertsona guztiei arreta pertsonalizatuko lau detaile ematea urteko.
KonTent-Tu egunezko arreta-zerbitzua da eta adineko pertsona autonomoei edo mendekotasun handirik ez dutenei zuzendu dago. Euren autonomia pertsonala lantzeaz eta garatzeaz gain, euren adineko lagunekin eta ingurune hurbilenarekin harremantzen laguntzen die.
Zerbitzua Biyak Bat erretiratuen elkarteko aretoetako batean eskaintzen da, astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:30era. Begirale bat arduratzen da egiten diren jarduerak antolatzeaz eta gainbegiratzeaz: ariketa fisikoa, aisialdia, prestakuntza... Horrez gain, irteerak egiten dira.