Rekondo eta Furundarena, bikain Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 25a, 09:00
Arg.: N. Furundarena

Lasarte-Oriak sei ordezkari izan ditu Durangon egin den Euskadiko txapelketan. Hiru domina lortu dituzte, urrezko bi eta brontzezko bat. Uztailaren 6an eta 7an, berriz, Naroa Furundarena eta Nerea Eugi Espainiako 20 urtez azpiko lehiaketan izan ziren

Jauzi eta jaurtiketa probetan abilak direla erakutsi dute beste behin LOKEko Naroa Furundarena eta Maider Rekondo gazteek. Uztailaren 13an eta 14an Durangon jokatu den Euskadiko txapelketa absolutuan urrezko dominak eskuratu dituzte biek. Baina abiadura proban ere izan zen saririk: Atletico San Sebastian taldean dabilen Eneritz Bustok 110 m. hesi lasterketan hirugarren izan zen. Guztira sei herritar izan dira lehian.

Jauzi probetan trebea, Naroa Furundarena gazteak jauzi hirukoitzeko txapela eskuratu du.

Proba gaizki hasi dute lehiakide guztiek. Batek ere ez du baliozko jauzirik lortu. Bigarren jauzian, ordea, beste arerioek gainditu ezin izan duten marka ezarri du, 11,53 m. Jauzi luzeagoa egin nahian, 11,84 metrora iritsi da denboraldi honetan, berak ere ez du zorterik izan. Gainerako jauziak balio gabeak izan dira.

Luzera jauzian ere parte hartu du LOKEko atletak. Finalerako sailkatu da, 5,36 metroko markarekin eta laugarren postuan amaitu du proba, 5,45 metroko jauzia eginez.

Azken asteetan atsedenik ez du izan Furundarenak; txapelketaz txapelketa izan da. Uztailak 6 eta 7, Granollersen Espainiako 20 urte azpiko txapelketan lehiatu zen luzera jauzian zein jauzi hirukoitzean eta azken proba horretako finalean izan zen lehian. Nahiz eta bosgarren postuan amaitu saioa, Espainiako laugarren izan zen gaztea.

Disko-jaurtiketako finala

Disko-jaurtiketa proban bi ordezkari izan ditu LOKEk, Maider Rekondo eta Oihana Igarriz. Rekondok LOKEren bigarren urrezko domina eskuratu du.

Rekondok ez du lehengo saiakeran baliozko markarik lortu, Furundarenaren antzera. Bigarren jaurtiketan, ordea, 39,69 metrora bidali du diskoa eta arerioek ezin izan dute marka hori hautsi.

Aipatu legez, proba berean lehiatu da Oihana Igarriz LOKEko taldekidea. Bere marka onenetik gertu ibili da gaztea, 31,02 m.

Lehen jaurtiketan podiumean zegoen, hirugarren jaurtiketarik onena zen, baina lehiaketak aurrera egin ahala postuak galdu ditu gazteak, ezin izan baitu marka hori gainditu. Seigarren izan da amaieran.

Abiaduran ere podiuma

Abiadura probetan ere izan da Lasarte-Oriako ordezkaririk. Atletico San Sebastian taldeko Eneritz Busto gazteak, gainera, hirugarren postua lortu du 110 m. hesi proban.

Sailkapen saioan hirugarren denbora onena egin zuen eta finalean ere postu berean amaitu zuen proba.

Txapelketan parte hartu duten beste bi herritarrak Jose Ramon Latorre eta Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi izan dira eta biak 100 m. lasterketan lehiatu dira. Sailkapen saioan izan dira kaleratuak.

Eugik aurreko astean, 100 m. eta 200 m. lasterketako probak egin zituen 20 urte azpiko Espainiako txapelketan. Lehen proban ez zuen zorterik izan eta ez zuen sailkapen saioa gainditu. 200 m. proban urteko bere marka hobetu zuen, 26,33 sg.

Euskal Herriko txapelketa gehientzako denboraldiko azken proba izan da. Ez ordea Maider Rekondorentzat. Federazio arteko Torneoan parte hartu du Iruñean, larunbat honetan.

Denboraldi berria

Denboraldi amaiera honen irakurketa ona egin du LOKEko arduradun Oscar Goikoetxeak eta hurrengora begira berrikuntzak iragarri ditu.

Izan ere, maiatzean berri eman genuen bezala, hurrengo denboraldian Lasarte-Orian aldaketa nabarmen bat izango da atletismo alorrean. Amaia Andres eta Oscar Goikoetxeak zuzentzen duten taldea Ostadar SKTko parte izango da irailetik aurrera.

Atalak atletismo eskola, federatuak eta atletismo herrikoia jorratuko ditu.