Parapetotik, Jalgira

Beñat Lizaso Garcia 2019ko uzt. 28a, 13:00

Legen Beltza taldeak eman zion itxiera jaialdiari

Andatza plaza izan zen antolatzaileek Parapetasonik jaialdiaren bosgarren edizioa egiteko hautatu zuten lekua. Euriak, ordea, azken momentuan ekimen ezberdinak lekuz aldatzera behartu zituen antolatzaileak. Bazkaria Xirimiri elkartera eta kontzertuak Jalgi Kafe Antzokira. 

Zeruari begira hasi zuten eguna Parapetasonik jaialdiko antolatzaileek. Lehen erabakia herri bazkaria Andatza plazatik Xirimiri elkartera aldatzea izan zen. Euria gelditzen ez zela ikusita eta oholtzaren egoera zela medio, azken unean kontzertuak Jalgira lekualdatzeko erabakia hartu zuten. 

Ordubete inguru atzeratu zen jaialdiaren hasiera, baina erantzun bikaina izan zuen. Parapetasonik faltan bota dute musikazaleek. Gipuzkoako txoko guztietatik hurbildu zen jendea Geltoki kaleko kafe antzokira. Parapetasonik jaialdia indartsu itzuli zen. Euskal Herriko Legen Beltza talde mitikoak eta Bartzelonako Bellako taldeak ziren begitik sartzen ziren lehen taldeak, baina Lampr3a, Rodeo eta Overloudek ere zeresana eman zuten atzoko gauean. 

Rodeo taldeak ireki zuen jaialdia. Stoner rock azpigeneroa lantzen dute zestoarrek eta haien gitarra hotsek ederki berotu zuten giroa. Oholtzaratu zen bigarren taldea Donostiako Overloud izan zen, hirukoteak joera klasikoagoa du, hard rocka da jorratzen duten estiloa. Batek baino gehiagok lepoko minez bukatu zuen donostiarren kontzertua eta gero. 

Gaueko momentu gorena hirugarren kontzertuarekin etorri zen. Kartela ikusita aurreikuspenak argiak ziren: Bartzelonako Bellako taldeak sortu zuen ikusmin handiena. Jalgi lehertzear zegoen. Maresmekoek, thrashcoretik, nazioartean hainbat herrialde konkistatu dituzte azken urteetan. Lepoko mina ez ezik, gorputz osoa minduta izango dute gaur atzo lehen ilaretan egon zirenek.

Lampr3ak hartu zien lekukoa kataluniarrei. Death metalean eta metal progresiboan kokatzen diren instrumentalak sortzen ditu hirukoteak. Maisutasunez aritu ziren gitarra, baxua eta bonbo bikoitzeko bateria astintzen. 

Jaialdiari bukaera emateko Azpeitiko Legen Beltza taldea izan zen oholtza gainean. 20 urte dira taldeak thrash metala eta death metala Urola Erditik Euskal Herrira zabaltzen hasi zirela. Hankaz gora jarri zuten Jalgi.   

Izateen Inauteria, Orekan

Parapetasonik jaialdiaren baitan, abuztua amaiera arte Oreka tabernan Begipuntuan argazkilariaren hainbat erretratu izango dira ikusgai. Bertan hainbat musika kontzertutan egindako argazkiak egongo dira: The Baboon Show, Berri Txarrak, Liher, Anestesia...