Euriak eta Marchena epaileak ez dituzte salbatu: akusatuak, sutara

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 27a, 17:09
Suak kiskali ditu Patxi Zaharra eta Txarra eta Juan Cardos de Bribon y Bribon akusatuak.

Euria gogotik saiatu da, baina ez du zapuztu Santa Ana eguneko parodia, urteko gaiak umore ukitu batekin errepasatzeko ordu eta erdiko emanaldia. 69 urte bete ditu aurten ekitaldi horrek. Patxi Zaharra eta Txarra eta Juan Cardos de Bribon y Bribon eseri dira Marchena epailearen aurrean aurten, eta hark errugabetzat jo baditu ere, Santa Anak erabaki du sutara bidaltzea.

Erretzeaz libratzetik oso-oso gertu egon dira, baina euri zaparradek eta Marchena epaileak ez dituzte akusatuak salbatu azkenean: suak kiskali ditu Patxi Zaharra eta Txarra eta Juan Cardos de Bribon y Bribon. Urte honetan gure herrian egindako barrabaskeriengatik eta triskantzengatik prozesatu ditu Okendo plazako oholtza gainean egon den auzitegi inprobisatuak. Santa Anak eman du sententzia erabakigarria: ez zuten merezi garretatik ihes egitea. Deabruek pozarren eraman dituzte bi alproja horiek sutzarrera.

Epaiketa hasi aurretik askoz lasaiagoa izan da giroa. Omenaldi xume baina hunkigarria jaso dute Atsobakar egoitzako langileek. Antolatzaileek egindako plaka, eta Arantxa Genauren eta Lierni Rekondoren bertsoak. Ikus-entzuleen txalo-zaparrada ere bai, jakina. Eguraldi txarra tarteko, ia hutsik zeuden plazan jarritako aulkiak, baina hala ere hainbat herritar jaitsi dira antzezlana ikustera. Antonio Mercero aretoko arkupeetan eseri dira batzuk; beste batzuk zutik geratu dira, aterkiak eskuan; eta inguruko tabernetan eseri dira zortedunenak.

Lekukoen dantza eta testigantza

Oriako Karmengo Amako kaperako apaiza eta moja deitu ditu fiskalak. Horiek izan dira testigantza eman duten aurreneko lekukoak. Kezkatuta igo dira oholtzara. Ez da gutxiagorako: zurrumurruek diotenez, Basaundiko bailarako obrek ez dute zerikusirik etxe berriak eraikitzearekin. Erorien Haranetik atera nahi dute Patxi Zaharra eta Txarra, eta Oriako kaperara eraman! Akusatuen abokatua saiatu da bi lekukoak konbentzitzen lekualdatze horren onurez: turista andana ekarriko omen luke gertaera horrek herrira. Epailea ere saiatu da Patxiren curriculuma zuritzen, eta mirariak egiten jarri du.

Maialen Krof Belaunapuskatu futbol jokalaria izan da gaueko bigarren testigua. Kezkatuago egon da bere historiala azaltzeaz eta omenaldia jasotzeaz, lekukotza emateaz bainoago. Lortu du helburua, bere txanda bukatzear zela garaikurra eta lore-sorta jaso dituelako. Abokatuarekin eta epailearekin selfie bat ere atera du jokalari historiko horrek. 28 denboraldi daramatza elastiko urdin-beltza janzten eta arerioak driblatzen.

Mikeleteak ere ederki driblatu dituzte pentsio duinen aldeko manifestariek. Greta Thunbergen aktibista etorri da gurera greba egitea aldarrikatzen zutenekin batera; klima aldaketa saihesteko borrokan dabil aspaldi honetan. Makina bat lanuzte egin dituzte Atsobakar egoitzako langileek. Horiek izan dira gaueko azkeneko testiguak. Lekukotza eman beharrean, ordea, bi akusatuak artatu behar izan dituzte. Juan Cardosek oreka mantentzeko arazoak izaten ditu, eta erakutsi du zergatik. Aulkitik altxa, bizpahiru urrats egin eta berak ehizatu ohi dituen elefanteetako bat bezala zerraldo erori da lurrera. Susto ederra hartu du Patxi Zaharrak hori ikusi duenean. Tentsioa hartu diete biei gero.

Santa Anak errukirik ez

Akusatuen abokatuaren eta fiskalaren arteko tira-birak etengabeak izan dira epaiketa osoan. Bi horiek mokoka aritu bitartean diseinatu du estrategia Marchena epaileak: Patxiren eta Juan Cardosen irudiak garbitzea. Eta oso gutxigatik ez du lortu absoluzioa. Erabaki horren aldeko sententzia irakurtzen hasi da, Santa Anari pazientzia agortu zaion arte. Aulkitik altxa, epaileari mikrofonoa kendu eta sutara bidali ditu bi gaizkileak. Deabruek eraman dituzte sutzarrera, eta bertan erretzen utzi. 

Santa Ana eguneko usadio errotuenetako bat da parodia. 69 urte bete ditu aurten. Bete ditzala beste 69, gutxienez! Bando, bando, alkateak esan do...

 

Erlazionatuak

Santa Ana eguna 2019

Beñat Lizaso Garcia 2019 uzt 27 Kultura

Santa Ana parodia 2019 (1. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 uzt 27 Gizartea

Santa Ana parodia 2019 (2. zatia)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019 uzt 27 Gizartea