Axular Iparragirre eta Gari Arteaga, Santa Ana pala txapelketan garaile

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 27a, 12:05
Aurtengo Santa Ana pala txapelketan parte hartu duten jokalari, epaile eta antolatzaileak.

Axular Iparragirrek eta Gari Arteagak jantzi dituzte aurtengo Santa Ana pala lehiaketako txapelak. Inori irabaztea gustatzen ez zaion modu batean, ordea: 16-23ko markagailuarekin, min hartu du Xenki Astiazaranek, Jon Pagolaren bikoteak. Anbulantzian eraman behar izan dute ospitalera, probak egitera. 

Final polita izaten ari zen atzo arratsaldekoa. Emozio handikoa. Lehiatua. Harmailetan zeuden herritarren txalo eta animo oihuak ikara aurpegi bihurtu ziren arte. 16-23 ari ziren irabazten Jon Pagola eta Xenki Astiazaran, azken horrek eskuin hanka gaizki biratu eta orkatilean min hartu zuen arte. Min dezente, gainera: ezin izan zuen partida bukatzera bueltatu. Hainbat minutuz Loidibarren pilotalekuan etzanda egon eta gero, anbulantziak ospitalera eraman zuen, txalo artean. Norgehiagokako jokalari onena izaten ari zen ordura arte.

Horrelako kasuetan, galdutzat ematen zaio partida jokalari bat lesioagatik galdu duen bikoteari, eta bestea izendatu txapeldun. Hortaz, Axular Iparragirre eta Gari Arteaga izan dira aurtengo txapelketako garaileak. Txus Alonso udaleko kirol zinegotziak banatu zituen sariak.

Final handiari ekin aurretik, Mindara elkarteko hainbat jokalarik erakustaldia eskaini zuten, gurpildun aulkiekin jokatuz. Beñat Lizaso oiartzuarrak eta Joseba Lasa lesakarrak 30-28 irabazi zieten Mikel Merino donostiarrari eta Jesus Matarranz lasarteoriatarrari. Imanol Odriozolak egin zituen epaile lanak. Bi neurketak bukatu zirenean, aurtengo txapelketan parte hartu duten jokalari eta antolatzaileek familia argazkia atera zuten, giro ederrean.