Egun Ttakun Kultur Elkarteak hainbat elkarte eta herritarren laguntzarekin antolatzen du Santa Ana Parodia. Guztia martxan dago lasarteoriatarrei urtean eragin dieten gertakariei errepasoa egin eta Lasarte-Oriako gaitzen erantzule diren bi malapartatuak epaitzeko. Parodia dugu egun horretako jarduera nagusia, baina ez da bakarra.
Karkaba
Santa Ana egunean bertan ere, hainbat ekimen egingo dira goizean.
Sainduaren ohorezko meza eskainiko da, 11:00etan, Erketz EDT dantza taldeko kideen parte hartzearekin.
Meza amaitu ostean, eliztarrek eta herritarrek luntxaz gozatu ahalko dute Brigita plazan.
Eguerdian puntuan, erlojuak jotzearekin batera Erketz EDTko kideek Santa Ana Karkabaren aurrean agurra, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte.
Pala txapelketa
Arratsaldean, berriz, Santa Ana pala txapelketako finalaz gozatu ahalko dute zaletuek. Aurrez aurre Xenki Astiazaran-Jon Pagola eta Garikoitz Arteaga-Axular Iparragirre bikoteak izango dira. Ligaxkako azken partidan izan dute indarrak neurtzeko aukera.
Gurutz Iturbe- Josu Arabaolaza eta Jon Mikel Arteaga-Ander Jauregi bikoteek hirugarren eta laugarren postua jokatuko dute.
Finalen aurretik Mindara elkarteko kideek gurpildun ahulkiekin pala erakustaldia egingo dute.
Umorea eta kritika
Gaueko 22:30ean hasiko dute parodia. Aurretik azken entsegua egingo dute aktoreek Manuel Lekuona kultur etxean. Eta antzezteko behar dituzten indarrak hartzeko afari gozoa dastatuko dute Xirimiri elkartean.
Herritarrei Okendo plazara hurbiltzeko gonbita egingo diete, 21:30ak aldera hasiko den kalejiran. Kale Nagusia eta erdialdeko kaleetatik barrena ibili ostean plazara iritsiko dira.
Fiskala, epailea, abokatua, Santa Ana eta San Joakin, Basajaun, Mikeleteak...eta beste hamaika pertsonaia igoko dira Okendoko oholtzara. Azken urteko gai garrantzitsuenei errepasoa egin eta akusatuak epaituko dituzte. Euren erruduntza onartzen bada, deabruak berak emango ditu infernura eta sutan erreko ditu.
Parodia hasi baino lehen, antolatzaileek omenaldi txiki bat egingo diete Atsobakar erresidentziako langileei.
Azken urteetan haien lan baldintzak hobetzeko egiten ari diren lana aintzat hartu nahi dute Santa Ana Parodiaren antolatzaileek. Era berean, denboran luzatu den borrokak darraiela gogora ekarri nahi dute.