Gaur hasiko da Reala 2019-2020 denboraldia prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 24a, 11:23
Iraia Iparragirre Realeko beteranoetako bat bihurtu da. Bosgarren denboraldiari ekingo dio gaur. REAL SOCIEDAD

Udako oporren ostean, futboleko botak jantzi eta Zubietako berdegunera irtengo dira berriro Realeko jokalariak gaur arratsaldean. Ilusioz beteta ekingo diote 2019-2020 denboraldiari, iaz Erreginaren Kopa irabazi eta gero. Iraia Iparragirre herritarrak bosgarren sasoia du talde txuri-urdinean.

Realeko entrenatzaile, kirol zuzendari eta teknikariak jo eta ke aritu dira lanean azken bi hilabeteetan bulegoan. Jokalarien txanda da orain. Gaur arratsaldean ekingo dio talde txuri-urdinak 2019-2020 denboraldia prestatzeari. 17:30ean hasiko da entrenamendua. Lehenengo lan saioa zuzenduko du Gonzalo Arconadak Zubietan. Hiru aurpegi berri ikusiko ditu futbolariekin hizketan hasten denean: Barbara Latorre (aurrelaria, Bartzelonatik dator), Lucia Rodriguez (defentsa, Madrilen aritu da orain arte) eta Ana Tejada (defentsa, Logroñotik fitxatuta). Carla Bautista hegaleko jokalaria ere fitxatu dute, baina ez da ezezaguna, iaz utzita aritu baitzen Realean.

Beste aurpegi asko ezagunak izango dira. Esate baterako, Nahikari Garcia aurrelariarena. Taldeko izarrak 2021ko ekainera arte berritu du kontratua, Realak egin duen proiektuak erakarrita. Iraia Iparragirre lasarteoriatarra ere egongo da entrenamendu horretan; bosgarren denboraldia izango da hastear den hori. 

Lagunarteko ugari

Iberdrola Liga irailaren 8an hasiko da, igandea. Hori baino lehen, hainbat lagunarteko neurketa jokatuko ditu Realak, lehenengo jardunaldira sasoi betean iriste aldera. Hau da egutegia:

  • Reala-Osasuna (abuztuak 3, larunbata, 11:30ean Bergaran)
  • Girondins-Reala (abuztuak 11, igandea, 18:00etan Donibane Lohizunen)
  • Alaves-Reala (abuztuak 14, asteazkena, 18:30ean Dulantzin)
  • EDF Logroño-Reala (abuztuak 17, larunbata, 19:30ean Logroñon)
  • Reala-Athletic (abuztuak 24, larunbata, 16:00etan Azpeitian)
  • Reala-Rayo Vallecano (abuztuak 31, larunbata, Arnedon -ordutegia zehazteke-)