Arratsalde lainotuari, zaldiak

Beñat Lizaso Garcia 2019ko uzt. 21a, 21:09
Sari nagusian lehia handia egon da

Gaurkoan bost sari banatu dira. Haien artean garrantzitsuena, Gipuzkoako Foru Aldundia sari nagusia izan da,  C. Quinto Real etxeko Liberri zaldiak eraman du.    

Giro bikaina zegoen gaur arratsaldean Hipodromora hurbildu eta lasterketak ikustera hurbiltzeko. Ohi bezala lasterketak 17:30etan hasi dira. Jokatu den lehen saria European Breeders'Fund izan da. C. Aldove etxeko Nayade behor gazteak eraman du saria. N. De Julianen aginduetara 1.400 metroko luzera izan duen lasterketa irabazi du P. Olavek prestatutako behorra. 

Bigarren saria La Teste De Buch Hipodromoa izan da. J. Gelabartek gidatutako eta G. Vazek entrenatutako Red Onion zaldiak irabazi du lasterketa. C. Best Horse etxekoa da -lehengo astean Donostia-San Sebastian Turismoa sari nagusia irabazi zuen Blue Martini zaldiaren etxe berekoa-. Lasterketa honetan Bugatiko kurbatik irtenda 2.220 metro egin behar izan dituzte. 

Hirugarren lasterketarekin B. Fayosek Hipodromoan gustura dabilela erakutsi du. Lehengo astean lortutako hiru garaipenei M'Hammed Kariminen Soupha zaldiarekin beste garaipen bat eraman du. Valentziarrak gidatu duen zaldia A. Sotok prestatua da eta 1.600 metroko distantzia egin behar izan dute Yeguada Torreduero saria eramateko. 

Arratsaldeko laugarren lasterketan Insalus saria zegoen jokoan. Ezustekorik gabe pronostiko guztiak alde zituen Psimbala zaldiak irabazi du lasterketa. Roberto Cocheteuxen zaldiak erraz irabazi du, 2.000 metrotan zehar hasieratik bukaerara lasterketa buru izan da. J. Gelabertek gidatu du eta J.M. Osoriok entrenatzen du zaldia. 

Jardunaldiko azken lasterketa izan da ikusmin handiena sortu duena. Gipuzkoako Foru Aldundia sari nagusia zegoen jokoan 19:50ean hasi den lasterketan. 6 zaldik lehiatu dira 2.220 metroko luzera izan duen lasterketan. Zirrara handia sortu da azken lasterketa honetan, izan ere, azken metroetan, kanpotik aurreratu ditu lasterketaren buruan ziren zaldiak V. Janacekek gidatutako Liberrik. Horrela, G. Arizkorretak prestatutako C. Quinto Real etxeko zaldiak lortu du garaipena.