Rock eta metal musika estiloen −eta azpiestilo guztien− zaleak zorioneko daude: bueltan da Parapetasonik jaialdia. Bost urteko etenaldiaren ostean, prest dute antolatzaileek bosgarren edizioa. Egun osoko egitaraua antolatu dute uztailaren 27rako, larunbata: herri bazkaria, kalejira musikatua, bost kontzertu eta DJa, festa gaueko ordu txikietara arte luzatzeko.
2010eko irailean egin zuten aurrenekoz Parapetasonik. Azkenekoz, 2014ko irailean. Antolatzaile batzuek segitzeko asmorik ez zutenez, etenaldia egitea erabaki zuten. Lantaldea berritu, eta 2017ko udazkenean hasi ziren elkartzen berriro, jaialdia "inoizko bereziena" izan zedin lanean, Mikel Yarza herritarrak nabarmendu duenez. Bera da antolatzaileetako bat.
Parapetotik Andatza plazara
"Parapetoa da jaialdiaren sorleku eta espazio kuttun, baina indarra galdu du urteen poderioz eta abandonatuta dago gaur egun", dio Yarzak. Parapetasonik erdigunera ekartzea erabaki dute. "Nahi dugu herritarrek festibala ezagutzea eta eurena ere badela sentitzea". Gaur arratsaldean egin dute aurkezpen ofiziala plazan bertan, udalarekin batera, 19:30ean.
Egun osoko egitaraua prestatu dute, baina musika emanaldiak izango dira jaialdiaren ardatz. Bost taldek osatzen dute kartela: Overloud, Rodeo, Legen Beltza, Lamprea eta Bellako. Azken horiek Bartzelonakoak dira. "Aurten lehenengoz, Euskal Herrikoa ez den talde batek parte hartuko du Parapetasoniken", azpimarratu du Yarzak.
Rock eta metal azpiestilo ugari hartu dituzte kontuan taldeei tartea egiterakoan: hard rock leuna, hardcore estiloa eta thrash zein death metal-aren muturreko soinuak. "Aniztasuna eta kalitatea" izan dira antolatzaileen irizpideak. "Musika mota horiek jorratzen dituzten kalitatezko talde asko ditugu Euskal Herrian".
'Zital Sessions' emanaldiak
Parapetasonik V prestatzen hasi zirenean, antolatzaileek argi zuten "berezitasun gehigarri bat" eskaini behar zietela zaleei. Bururatu zitzaien bost musika emanaldi eskaintzea, Gipuzkoako beste hainbeste udalerritan. Zital Sessions ekimena jaio zen orduan. Hamalau taldek eskaini dituzte kontzertuak urtarriletik ekainera. "Batzuetan beteta ikusi ditugu aretoak, eta ia hutsik beste batzuetan. Hala ere, gustura gaude, musikariekin eta tokian tokiko antolatzaileekin estutu ditugulako harremanak". Pertsonaia berezi batzuk ere sortu zituzten saio horietarako: hontza, lemurra, astoa, behia eta txakurra. "Zital Sessions-ak bukatuta, teorian ez lukete gehiago azaldu behar, baina nork daki, sorpresaren bat egon daiteke", aurreratu du Yarzak.
Berrikuntza gehiago dakartza Parapetasonikek. Esate baterako, kalejira musikatua. Festibala babesten duten tabernetan geratuko dira. "Harremana estutu nahi dugu ostariekin". Euskal Herriko gainerako metal jaialdietako kideak ere etorriko dira: Bizkaiko Dimetal, Nafarroako Desolation eta Ipar Euskal Herriko Buru Beltz dira festibal horiek. Herri bazkaria ere egingo dute, Andatzan. Hamabost euro balio dute txartelek. Avenida, Furia Beltza eta Trumoi tabernetan eros daitezke.
Proiektua berriro hastea
Jesus Zaballosek antolatzaileen lana azpimarratu du. Ekimen bat egiteari utzi eta gero berriz hasteko zailtasunak handiak direla adierazi du alkateak. Jaialdia Parapetotik Andatza plazara ekartzeak Parapetasoniki "indarra eman" diola gaineratu du Zaballosek. Musika estilo ezberdinak bultzatu behar direla ere esan du Jesus Zaballosek.