Gipuzkoako Bertso Txapelketa udako oporren bueltan itzuliko da. Irailaren 14an Oñatin egingo dute lehen saioa eta abenduaren 14an amaituko dute Donostian. Hiru hilabeteko epean, hamasei saio jokatuko dituzte, zazpi final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko, eta finala. Gipuzkoako 48 bertsolarik parte hartuko dute, gehienek, 34k, maiatzean jokatutako Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean lortu dute txartela, tartean, Ane Labaka eta Unai Muñoa lasarteoriatarrek, hala nola, herriko bertso eskolan aritutako Asier Azpirozek eta Unai Gaztelumendik.
Azpirozek irailaren 21ean Ordizian jokatuko duten final zortzirenean parte hartuko du Beñat Lizaso, Manex Mujika, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar eta Ainhoa Agirreazaldegirekin batera. Saio horretan bertsolariei lanak jartzeko ardura, berriz, Maddi Labaka herritarrak izango du. Txapelketan parte hartzen hurrengoa izango da Muñoa. Biharamunean, Zumaian igoko da oholtza gainera. Bertsotan lagun eta lehiakide Gorka Maiz, Beñat Jauregi, Jokin Bergara, Ander Lizarralde eta Iñigo Gorostarazu. Saioko emakume bakarra Saroi Jauregi gai jartzailea izango da. Astebete geroago, Ane Labakaren txanda izango da. Elgoibarren ariko da Jokin Uranga, Endika Igartzabal, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga eta Unai Gaztelumendirekin batera. Ane Ezenarrok proposatutako gaiei asmatu beharko dizkie errimak.
Azken final zortzirena, herrian
Herritarrik bertan izango ez bada ere, lehen faseko azken kanporaketa Manuel Lekuona kultur etxean egingo dute. Bertan, nor baino nor ariko dira Aitor Salegi, Mikel Artola, Iñaki Zelaia, Unai Izagirre, Eneko Araiztegi eta Oier Aizpurua, Imanol Artola gai jartzailearekin batera.
Final laurdenetara sailkatuz gero, Azpirozek Irungo saioan parte hartuko du urriaren 20an, Muñoak, berriz, Eibarren urriaren 26an, eta Labakak Azkoitian, azaroaren 2an.
Saioetarako sarrerak irailaren 2an jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean.Era berean, aukera ere izango da saio bakoitzaren egunean aretoko txarteldegian erostekoa.