Javi Olazagoitia herritarraren ultra lasterketen curriculuma ez da nolanahikoa: Ultra Trail Mont Blanc bat, bi Ehunmilak eta lau Goierriko Bi Handiak. Azkena, pasa den asteburuan, ostiraletik larunbatera bitartean. Urtez urte eta mendiz mendi pilatutako esperientzia.
Ibon Agirre duela gutxi etorri da Lasarte-Oriara bizitzera, Donostiatik. Lasarte-Oria Trail elkartean izena eman, eta, besteak beste, Olazagoitiarekin hasi zen entrenatzen. Aurreko bi urteetan saiatu zen Goierriko Bi Handiak proba burutzen, baina ez zuen lortu. 2017an, sabeleko arazo batzuengatik; iaz, antolatzaileek bertan behera utzi zutelako proba, ekaitz batengatik. Ezbeharrak ezbehar, ultra hori burutzeko ilusioa ez zaio itzali. Lortu du helburua, hirugarrenean.
Esperientzia eta ilusioa batera atera dira aurten Goierriko Bi Handiak lasterketan. 88 kilometro luze, eta 6.000 metroko desnibel positibo metatua. "Ibon oso ona da distantzia laburreko probetan, gazteagoa da eta fisiko hobea du, baina esperientzia apur bat falta zaio ultretan. Proposatu nion elkarrekin irtetea, nire eskarmentua baliatuz", azaldu du Olazagoitiak.
Ostiral iluntzean ekin zioten probari, Beasainen. Lasterketaren lehen erdian, aparteko arazorik ez, Etzegaratera iritsi ziren arte. "Lizarrustitik Etzegaratera bitarteko ibilbidea oso lainotua zegoen, apenas ikusten genuen ezer", gogoratu du Agirrek. Erori egin zen Olazagoitia han, eta Beasaingo helmugara iritsi arte arazo muskular dezente izan zituen. Agirrek dio sufritu egin zuela Aizkorritik jaistean, orpoetan mina sentitzen zuelako.Ia elkarrekin helmugaratu ziren. 14.55.08ko denbora egin zuen Agirrek, eta 99. postua eskuratu. Bi segundora sartu zen Olazagoitia, 100. postuan.
Bi lasterkariek azkarrago helmugaratzea espero zuten. Argi hitz egiten du Olazagoitiak: "Egin dudan denborarekin atsekabetuta nago. Ordu asko sartu ditut entrenamenduetan, nire familiari eta lagunei kendu dizkiedan ordu asko. Hamalau ordutik jaistea espero nuen". Egun batzuk pasako ditu amorratuta, baina haserrealdiak ez dio gehiegi iraungo. "Laster hasiko naiz pentsatzen datorren urtean zein lasterketa egin".
Agirrek ere espero zuen denbora hobea egitea, baina "oso pozik" dago egindako lanarekin. "Helburu nagusiak ziren Beasainera iristea eta ibilbideaz gozatzea, eta bete ditut!". Duela bospasei urte hasi zen mendian lasterka egiten. Proba motzak hasieran, eta luzeagoak gero. Maratoiaren distantzia −42,195 kilometro− gustatzen zaio gehien. "Azkar joan zaitezke, eta paisajeez gozatu aldi berean". Ultrek ez dute gehiegi erakartzen, baina "salbuespena" da Goierriko Bi Handiak: "Ordu pila pasatu ditut Txindokin eta Aizkorrin; irrikitan nengoen proba horretan parte hartzeko".
"Lasterketa ikaragarria da"
Distantzia luzeko mendi lasterketa ugari egin ditu Olazagoitiak. Bat aukeratzeko eskatuta, ez dauka inolako zalantzarik. "Ez dago Ehunmilak proba bezalakorik, ikaragarria da, UTMB Ultra Trail Mont Blanc baino hobea". Arrastaka mendi taldeak antolatzen du 168 kilometroko ultra hori, eta baita distantzia laburragoko Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi ere. "Profesionala izango bazina bezala tratatzen zaituzte: zer jan eta edan nahi duzun galdetzen dizute, makilak eusten dizkizute... Duela lau urte masaje bat eman zidan boluntario batek!".
Agirre txundituta geratu da Goierriko Bi Handiak egin bitartean ikusi dituen paisajeekin. "Aralarren gaua igarotzea, Aizkorritik egunsentia ikustea... Ahaztuko ez ditudan momentuak dira". Helmugara iritsi zenean familia zegoen beraren zain. "Ikaragarria da haien animoak eta berotasuna sentitzea". Olazagoitiak beste momentu bat gogoratu du: Txindoki mendian parte-hartzaileei txalapartarekin harrera egin zietenekoa. "Proba oso gogorra da, baina ederra".
Irailean beste ultra bat egitekoa zen Olazagoitia, baina atseden hartzea erabaki du. Idiazabalgo Axari Trail egingo du taldekide batzuekin batera, eta Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia urrian. Agirrek bukatu ditu aurtengo mendi lasterketak. Aita izango da hilabete barru. Hala ere, asfaltoan korrika egiteko zapatilak jantziko ditu azaroan, Behobia-Donostia egiteko. Ehun urte bete ditu lasterketa historiko horrek aurtengo martxoan.
Marimurumendi maratoian ere parte hartu zuten lasterkari lasarteoriatarrek, joan den asteko igandean. 42 kilometro pasatxoko ibilbidea osatu zuten, 2.300 metroko desnibel positibo metatuarekin. Peio Fadriquek 6.44.27ko denbora egin zuen, eta 150. postua lortu. Alfredo Cidonchak 7.32.58 behar izan zuen Beasainen helmugaratzeko. 166. geratu zen. Josean Hernandez ez zen atera.
Mendi martxa prestatzen
"Hamar bat pertsona elkartu ohi gara entrenatzeko. Denok geneukan talde bat egiteko ilusioa, eta horrela jaio zen Lasarte-Oria Trail". Javi Olazagoitiaren hitzak dira. Gaur egun 50 pertsonak osatzen dute kluba; horietatik 42 daude mendian federatuta. "Herriak ikaragarri ongi hartu gaitu".
Buru-belarri ari dira lanean klubeko kideak. Lasarte-Oriako 1. Mendi Festa ospatuko dute irailaren 29an, igandea. Bi ibilbide prestatu dituzte. Luzeak 25 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positibo metatua izango ditu. Motzak, berriz, 12 km. eta 650 metroko desnibela. Kirolprobak atari digitalean eman dezakete izena parte hartu nahi dutenek. Lasarte-Oria Trailek ere zabalik ditu ateak: "Mendian ibiltzea eta atletismoa gustatzen bazaizkizu, etorri gurekin!", dio Olazagoitiak.