Azken egunotako eguraldia ikusita, bistan da udaran gaudela, eta askok egiten dugun lotura da, uda, eguraldi ona eta oporrak. Uztailan gaudela jakinik, gainera, zeinek uka oporren urtaroan sartuta gaudela bete-betean

Udarekin batera herri askotako festak hasten dira; gurean ere izan genituen, sanpedroak!! Eguraldia lagun, jai-giro polita izan genuela uste dut, alaia, koloretsua eta anitza.

Uda aurrera doan heinean, jendeak oporrak hartzen ditu; hain desiragarri ditugun oporrak! Baina nahiz eta hauen zain irrikaz eta gosez eman urte osoa lanean, konturatzerako xahutzen ditugu!

Oporrak ezinbesteko atsedenaldia dira, kirolariek beraien errendimendua hobetzeko entrenamenduei gehitzen dieten atseden egunak bezalaxe, guk ere fisikoki eta psikikoki pausaldi edo geldialdi bat behar dugu. Eguneroko zereginetatik mentalki ateratzea komenigarria izaten da, errutina hautsi eta burua beste zerbaitetara bideratu osasungarria den ariketa bat lez. Oporretan egotea ez da ezer ez egitea, edo ez nekatzea, edo hankaz gora egotea (edo hori ere bai), baizik eta hori guztia baino garrantzitsuagoa: eguneroko eskenatokitik alde egitea, ahal bada behintzat, betiko ordutegiak , ohiturak, lanak, ibilbideak etab. aldatzea.

Pertsona bakoitzak, norberaren gustuak eta ohiturak kontuan izanik, bere hautua egiten du. Batzuek hondartzarako bidea hartzen dute, beste batzuek, berriz, mendirakoa. Lagun-artean, familian edo bakarrik, sentsazio berrien bila edo garai bateko usain, zapore edo paisaiak berreskuratzera, milaka aukera.

Oporrak plazer bat badira, zergatik ez urte osoan zehar orekaz banatu, horrela ondo bizitzearen sentsazioa luzatuz (bizitza kalitatea hobetuz), eta ez hilabete bakarrera mugatu? Oporraldi on denei.