Santa Ana pintxo berezia dastatu ahalko da igandean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 18a, 12:15
Aterpea elkarteko kideak eta udal ordezkariak ekimenaren aurkezpenean.

Aterpea Merkatari eta Ostalari Elkarteak aurten ere bat egingo du Santa Ana eguneko ospakizunekin. Elkarteko kideek eta udal ordezkariek aurkeztu dute jarduera

Uztailaren 21ean, igandean, Lasarte-Oriako sei tabernetan Santa Ana pintxo berezia eskainiko dute. Eguzki tabernak, Txartel kafetegiak, Yolanda tabernak, Arkupe tabernak, Buenetxea kafetegiak eta Primeran tabernak parte hartuko dute ekimenean. Bakailaoa oinarri duen pintxo gozoa dastatu ahalko da guztietan.

Seigarren urtez, Aterpeak jarduera antolatuko du. Elkarteko ordezkariak pozik agertu dira herritarren harrerarekin. "Eskulangintza azokarekin bat egiten dugu eta giro ederra sortzen da. Jende asko dator pintxoengatik galdezka," azaldu du Jenni Garcia Aterpea elkarteko ordezkariak.

Aterpeak eta udalak elkarri eskerrak eman dizkiete urtean zehar egindako lana eta eskainitako laguntzarengatik.

Azkenik, bi erakundeek herritarrak jai giroan murgildu eta pintxoak dastatzera gonbidatu dituzte.