Garaikurrak jaso dituzte Martin ahizpek eta Nerea Santosek

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 18a, 11:30
Martin ahizpek hainbat domina eskuratu dituzte Udako Euskal Herriko txapelketan. Arg.: Buruntzaldea IKT

Igerilekuan zein itsaso zabalean Buruntzaldea IKTko igerilariak fin ibili dira asteburuan. Martin ahizpak Udako Euskal Herriko Junior eta Absolutu txapelketako podiumean izan dira. Nerea Santos Ondarroako eta Getariako itsas zeharkaldietan garaile izan da senior mailan

Martin ahizpek dominak metatzen jarraitzen dute. Udako Euskal Herriko Junior eta Absolutu txapelketan lehiatu dira asteburuan, Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan eta hainbat probetako podiumean izan dira.

Ainhoa Martin 100m. eta 200m. tximeleta probetako podiumetan izan da bere markak onduz.

100m. probako B finala irabazi eta junior mailako brontzezko domina eskuratu du.

Lan hobea egin du 200m. tximeleta proban. Sailkapenean denbora onena egin eta bere hautagaitza erakutsi du. Finalean, lehenengoa izan da, 2:25.02 eta junior eta absolutu mailako txapeldun izan da.

Leire Martin aldiz 200m. estiloetan bere nagusitasuna erakutsi du. Kronoa 2:27,41an geratu du eta junior eta absolutuko urrezko dominak kolkoratu ditu.

100m. bizkar proban ere podiumean izan da absolutu mailan eta junior mailan, bigarren izan da. 100m. tximeleta probako B finalean zazpigarren sailkatu da.

Itsas zeharkaldiak

Itsasoan ere ederki hasi dute Itsas zeharkaldien denboraldia Buruntzaldea IKTko igerilariek. Ondarroan eta Getarian izan dira lehen probak eta podiumean izan dira taldeko igerilariak.

Larunbatean, uztailaren 13an, Ondarroako Itsas zeharkaldian Nerea Santosek sailkapen orokorreko eta absolutu mailako lehen postua eskuratu zuen.

Aitor Santos eta Unai G. Somovilla ere bertan izan ziren lehian. Somovillak absolutu mailako bederatzigarren postuan amaitu zuen eta Santos berriz, gazteen mailan, 08:10.98 egin zuen.

Igandean ere, Getariako San Anton biran bikain ibili zen Nerea Santos. Sailkapen orokorreko bigarren izan arren, absolutu mailako garaikurra lortu zuen.

Eneko Elizasu eta Laura Igea ere lehen hiruren artean izan ziren haien mailetan. Elizasu bigarren izan zen absolutu mailan eta Igea hirugarren Master+F mailan.

Ez dira Getarian parte hartu duten herritar bakarrak izan. Xabier Elizegi ere bertan izan zen eta Master M mailako seigarren amaitu zuen proba.