Artisauek hartuko dute Okendo plaza igandean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 17a, 16:15
Ramon Ormazabal Sendokiko kidea eta udal ordezkariak aurkezpenean.

Zestoak, pilotak, bitxiak, zapatak, jakiak... eskuz egindako milaka produktu izango dira 50 bat postuetan. Sendoki Kultur Batzordeak eta udal ordezkariek XXXV. Santa Ana eskulangintza azokako nondik norakoak azaldu dituzte gaurko aurkezpenean

Igandean 35. Santa Ana eskulangintza azokan izango da Lasarte-Orian. Sendoki Batzorde kulturalak antolatzen duen azoka bi guneetan banatuko da: batetik, Okendo plaza eta bestetik, Mercero gunea.

Zapatagintza, larrugintza, bitxigintza edo ehungintza produktuez beteko da Okendo plaza. Guztira, 22 postu izango dira.

Lasarte-Oriako artisauek ere izango dute bere txokoa. Lasarte-Oriako ehozirien taldea, Biyak Bateko eskulan taldea, zur-lanketa taldea eta Pako Altunaren maketak ikusi ahalko dira.

Elkartasunarentzat tartea ere izango da. Erretinosi Pigmentarioen Gipuzkoako Elkarteak eta Lasarte-Oriako Emakumeen Zentro Zibikoak jarritako postuetan. "Oraingoan, bi elkartasun proiektu ditugu azokan eta horregatik, azoka hau solidarioa eta integratzailea dela esan dezakegu," azpimarratu du Ramon Ormazabal Sendokiko kideak.

Honez gain, eskuak zikindu nahi dituenak izango du aukera. Otarregintza, marketeria eta udako albumak egiteko tailerrak izango baitira.

Azkenik, Merceron elikadurako 27 postu izango dira, produktu naturalekin. Gazta, hestebeteak, euskal pastela, kontserbak, erroskillak, taloak, pateak edo ukenduak egongo dira salgai.

Ormazabalek Sendokiren izenean udalari eta zerbitzuetako lan taldeari batez ere egindako lana eskertu nahi izan die. Era berean, herritarrei Santa Ana jai zoriontsua opa die.

Azkenik, Jesus Zaballos alkateak Sendokiri eskertu dio egindako lana eta herritarrak azokan parte hartzera eta erostera gonbidatu ditu.