Udako igandeak trostan

Beñat Lizaso Garcia 2019ko uzt. 15a, 00:41
Gaurkoan ez da arazorik egon erorketekin

Sei sari banatu dira gaur arratsaldean Hipodromoan. 17:30ean izan da lehen lasterketa eta azkena 20:25ak aldera hasi da. Jende ugari bertaratu da udako igande arratsaldeetan izango diren lasterketen lehen jardunaldira.

Lehengo asteko gora-beherak alde batera utzita normaltasun osoz joan da igande arratsaldeetako zaldi-lasterketen lehen jardunaldia. Sei sari banatu dira: Gipuzkoako Kirol Kazetarien Elkartea, Noticias de Gipuzkoa, Ayerdi bitxiak, Garda segurtasuna, Dosnostia-San Sebastian Turismoa eta Biarritzeko Hipodromoa.

Lehenengo lasterketan, Gipuzkoako Kirol Kazetarien Elkartea saria egon da jokoan eta 2200 metro egin behar izan dituzte. J. Calderonek prestatutako C. Nanina etxeko Granacci zaldiak irabazi du, V.M. Velenzuela gidari zuela.

Bigarren lasterketan 1300 metro egin behar izan dituzte bi urteko zaldi eta behor gazteek. Noticias de Gipuzkoa saria Guerreira portugaldarrak irabazi du. Nossa Sra. Do Valeko behorra H. Pereirak prestatu eta R. Sousak gidatu du.

Ayerdi bitxiak sarian, berriz, 1600 metroko distantzia egin dute. C. Ze Da Bloquiera etxeko Arpani behorrak irabazi du. B. Fayosek gidatu du G. Vazek entrenatzen duen behorra.

Arratsaldeko laugarren lasterketan Garda segurtasuna saria zegoen jokoan. Lasterketa honetan ere 1600 metro egin behar izan dituzte parte-hartzaileek. C. La Hora del Turf etxeko Grace’s Secret behorrak eraman du saria. N. Garciaren aginduetan lortu du garaipena J.A. Rodriguezek entrenatzen duen zaldiak.

Bosgarrena izan da arratsaldeko sari nagusia jokatu den lasterketa: Donostia-San Sebastian Turismoa. Behorrek soilik parte hartu dute eta 2000 metro egin behar izan dituzte. G. Vazek entrenatzen duen Blue Martini behorrak irabazi du lasterketa, B. Fayos gidari zuela.

Azken lasterketa 1600 metrokoa izan da. R. Aonek entrenatutako Duendecillo zaldiak irabazi du lasterketa. B. Fayos zaldizkoak gidatu du C. Bobbyko zaldia.

Hurrengo astean Gipuzkoako Foru Aldundia sari nagusia izango da jokoan, igande arratsaldetako lasterketetako bigarren jardunaldian.