Plastika eta eskulanetatik harago, joko eta jarduera artistikoen bidez, artista bilakatu dira Sasoeta-Zumaburuko ikasleak. Bilboko Guggenheim Museoak sustatutako Artea ikasbide egitasmoan parte hartu dute 3. mailako hogei neska-mutilek amaitu berri den ikasturtean. Bederatzi ikastetxek parte hartu dute, artista batek lagunduta. Lasarteoriatarrek Manu Muniategiandikoetxea eskultore bergararra izan dute bidaide.
Programaren xedea eskola curriculuma aberasteaz gain, bertako gaiak ikasteko bestelako bideak eskaintzea da. Sasoeta-Zumaburuko arduradunek Agenda 21eko gaiak lantzeko baliatu dute, birziklapena eta kontsumo jasangarria ardatz hartuta. "Birziklatutako materialari hainbat erabilera eman dizkiote", laburbildu du Sara Carte Sasoeta-Zumaburuko ikasketaburuak. Inguruarekiko errespetuaz gain, aldi berean, bestelako balioak barneratu eta jorratzeko parada ere izan dute. Hala nola, talde lana edo munduari begiratzeko norberaren sormen ikuskera.
Urritik maiatzera bitartean, 20 saio egin dituzte Muniategiandikoetxearekin. Astero etorri da plastika orduetan, diseinatutako tailerrak dinamizatzera. Argazkilaritza, pintura nahiz eskultura bezalako diziplinetan aritu dira, ikusten dutenari buruz hausnartuz. Sortu ere egin dute. Bergararrak zuhaitzak kimatu ondoren soberan geratutako adarrekin egitura original bat eraikitzera animatu zituen gaztetxoak. Bertan, marrazkiak, moldeak, beste artista batzuen lanak eta beste ikasle batzuek utzitako obrak eseki dituzte.
Artea bertatik bertara ezagutu
Horrez gain, bi bidaia egin dituzte Bilbora. Lehena, Guggenheim ezagutzeko. "Artea zer den ikusi zuten, ez dela estatikoa, behin gauza bat ikusten duzu eta hurrengoan beste bat. Aldatu egiten dira erakusketak... Performance bat zer den ere ikasi dute", gogoratu du Cartek. Bigarrena, berriz, obra eramateko. Orduan, egitasmoan parte hartu duten beste ikasleak eta haien lanak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Ikasketaburuaren esanetan, "pozgarria" izan da gaztetxoentzat beraien lana halako toki batean egotea eta beste partaideekin partekatzea. Guztira, EAEko 6 eta 12 urte bitarteko 209 neska-mutilek izan dute aukera aurten.
Sortu dituzten artelan originalak museoko Hezkuntza gelan egongo dira irailaren 15era arte. Erakusketa lau atal tematikotan banatu dute: Letrak, hizkuntza edo idazketari lotutako obrak; Birziklapena eta Kontsumoa, horren inguruko gogoetatik sortutako hainbat diziplinetako piezak; Mapak eta arkitekturak, tokiko aireko bistak, ibilbideak eta maketak; eta azkenik, Argazkiak eta filmak, paisaian eta haren protagonistengan egindako interbentzioak, stop motion animazioak, performanceak eta bestelako lanak.
Artea ikasbide programa New Yorkeko Guggenheim museoan ernatu zen 1970ean, krisiaren ondorioz lehen hezkuntzako ikastetxe publikoetan arte ikasgaia kendu zutenean. Natalie K. Lieberman mezenasak abiarazi zuen, eta museoaren inguruko artistek doan ematen zituzten eskolak. Bilboko museoak 1998an ekarri zuen EAEra. Sasoeta-Zumaburu ikastetxeak egitasmo honetan parte hartzen duen bigarren aldia da. Estreinakoa duela ia hamarkada bat izan zen, artista bera lagun zutela, gainera. “Manuk gogoan zuen hemen izan zela”, aipatu du Cartek. "Pribilegioa" izan da aukera eta "gustura" errepikatuko lukete, nahiz eta zaila izango dela jakin.