Fernandez eta Belartieta arraunlariak, Euskotren Ligan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 12a, 10:15
Arraun Lagunakeko kideak Lekeitioko banderarekin. Belartieta, lurrean eskuinetik lehena da. Arg.: Donostia Arraun Lagunak

Euskotren Ligako Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostia Arraun Lagunak eskifaietan bi herritar daude arraunean: Intza Fernandez eta Aiora Belartieta. Azken horrek, III. El Correo-Kutxabank bandera irabazi du, ekainaren 30ean eta bigarren da sailkapenean

Euskotren Liga hasi da. Ekainaren 29an egin zen lehen ziaboga Santanderren eta Zarautzen izango da azkena, uztailaren 18an. Hamalau jardunaldi jokatuko dira uztaila eta abuztuko asteburuetan eta irailean, Kontxako banderaran ostean, play-offa egongo da jokoan.

Txapela eskuratzeko lehian lau talde ari dira: Orio Babyauto, Donostiarra Arraun taldea, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak. Eta norgehaigoka horretan bi herritar daude Intza Fernandez eta Aiora Belartieta. Fernandezek bigarren denboraldia du Hondarribia Bertako Igogailuak taldean; Belartietak, berriz, Donostia Arraun Lagunak taldeko batelean estreinakoz ari da. Harrobitik igo da gaztea.

Lau norgehiagoka ikusi ahal izan dira aste hauetan: I. Repsol bandera, III. El Correo-Kutxabank bandera eta bi jardunalditan jokatu den II. Bandeira da Coruña.

Lau probetatik hirutan Orio Babyauto izan da garaile. Lehengo asteburuko II. Bandeira da Coruñan erakutsi du Ligan menderatu beharreko hautagaia dela. Nagusitasun handiz irabazi ditu bi jardunaldiak eta Ligako sailkapeneko lehen postuan da.

Baina Donostia Arraun Lagunak taldeak ez dizkio gauzak erraz jarriko, oso lehiakor agertu baita lehen hitzordu hauetan.

Hirugarren urtea du Donostiako eskifaiak maila honetan eta aurten borrokatzeko gogoz dago. Oriotik oso segundo gutxitara amaitu ditu hainbat txanda Lugañene ontziak. Santaderren izan den I. Repsol banderan zazpi segundoko tartea besterik ez du izan; A Coruñako banderako lehen jardunaldian, berriz, bost segundo.

Donostiarrak, Lekeition

Lekeition, berriz, oriotarrak garaitu dituzte III. El Correo-Kutxabank banderan.

Lehia estua izan da. Oriotarrak lehenak iritsi dira ziabogara eta donostiarrek lau segundo gehiago behar izan dituzte. Arraun Lagunak taldeak itzuleran ikaragarrizko luzea egin, eta Orio Babyautori aurre hartu dio. Donostiarrak helmugaratu dira lehen eta bost segundoko aldea atera diete oriotarrei.

Donostiako eskifaiak eraman du bandera etxera eta Konstituzio plazan harrera ederra egin diete. Ligako lehen postuan izan da Orio Babyautorekin zazpi puntura berdinduta lehengo asteko jardunaldiak jokatu arte. Egun sailkapeneko bigarren postuan da Belartietaren taldea.

Maila jaitsiera eta igoera

Hondarribia Bertako Igogailuak taldeak, aldiz, ez du hasiera ona izan. Zeharkaz dago gainera denboraldi honetan Euskotren Ligan.

2018ko denboraldiako play-offa jokatu zuen irailean, Bermeon eta Portugaleten. Epaileen erabaki bat medio, hamar segundoko isuna jarri zioten Hondarribiako eskifaiari azken jardunaldian eta zail izan zuen maila mantentzea. Donostiarra Arraun taldeak hartu zuen bere lekua Ligan. Alabaina, Pasai Donibanek ezustekoa eman eta bere plazari uko egiten ziola jakitera eman zuen martxoan. Hondarribia gonbidatu zuen Ligak hutsune hori betetzeko, playoffeko bigarren taldea zen eta.

Ligaz kanpo ederki ibili da Hondarribiko taldea. Hainbat bandera eskuratu ditu denboraldi honetan Castro Urdiales Hiriko XXII. Bandera, esate baterako. Baina Liga hasierako hiru banderetan ezin izan da lehen postuetan egon. II. Bandeira da Coruñan lortu du posturik onena lehen jardunaldian. Hirugarren postuan amaitu du Oriotik 22 segundora.

Gainontzeko lehiaketetan laugarren izan da eta sailkapen orokorrean ere postu horretan dago Fernandez taldekide duen eskifaia. A Coruñako bigarren jardunaldian, laugarren amaitu du, 27 segundoko tartearekin. Santanderren 1'12" galdu zituen eta III. El Correo-Kutxabank banderan garailetik 25 segundora iritsi zen helmugara.

Oraindik hamar norgehiagoka geratzen dira Liga erabakitzeko. Orio, Sestao, Santurtzi, Getxo, Ondarroa... Kantauri itsasoko hainbat portutan ere izango du geldialdia Ligak. Lehia bizi egongo da aurten Ligako garaikurra eskuratzeko.

Asteburu honetan, Donostian eta Castro Urdialesen izango dira Euskotren Ligako lau eskifaiak, IV. Donostiarra Kaiarriba-Amenabar Bandera eta IV. Caixabank bandera jokatzeko. Donostia Arraun Lagunak traineruak Donostiako uretan Oriori lidergoa kentzeko aukera ederra du larunbatean.