Buruntzaldea IKTko igerilariak ederki udako txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko uzt. 12a, 10:00
Buruntzaldea IKTko igerilari ugari egon zen podiumean. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko kideek Gipuzkoako Udako Txapelketan parte hartu dute asteburuan. Marka pertsonal eta domina ugari eskuratu dituzte beste behin igerilari gazteek. Leire Martin junior kategoriako sailkapen orokorrean hirugarrena izan da

Asteburu oparoa izan dute Buruntzaldea IKTko igerilariek. Irungo Azken Portu kiroldegian jokatutako infantil, junior eta absolutu mailetako Gipuzkoako Udako Txapelketan domina eta marka ugari lortu dituzte taldekideek.

Infantiletan, Nora Imaz, Eneko Elizasu, Unax Goenaga, Aintzane Sarobe, Nerea Santos eta Unai Somovilla aritu ziren. Imazek, lau probatan parte hartu zuen beste hainbeste marka pertsonal lortuta. Gainera, Espainiako gutxienekoa egin zuen 100m. librekoan. Elizasu, berriz, 50m., 100m., 200m. eta 400m. libreko probetan aritu zen, eta lehenengoan ondu zuen bere marka. Goenagak, berriz, bitan hobetu zuen bere denbora, 200m. lau estilotan eta 400m. librean. Sarobek hiru marka pertsonal erdietsi zituen, 50m. bizkar, 100m. lau estilotan eta 200m. librean; azken horretan, Espainiako txapelketarako gutxienekoa egin zuen. Gainera, infantil mailako lehena izan zen hiruetan, absolutuko hirugarrena eta bigarrena, hurrenez hurren. Santosek 1.500m. librean infantiletako eta absolutuetako bigarren postuan amaitu zuen 18'47"14 denbora osatuta.

Infantiletako postu berean amaitu zuen ere 800m. librekoan. 50m. bular eta 400m. librean, berriz, ez zuen podiumean egoterik izan. Azkenik, Somovilla 200m. bizkar, 50m. bizkar, 50m. eta 100 m. bular probetan lehiatu zen, marka eginez guztietan eta kategoriako bigarren bukatuta 200m. bizkar eta 100. bular ariketen sailkapenean. 

Junior mailan, Leire eta Ainhoa Martin ahizpek parte hartu zuten, emaitza bikainak lortuta, gainera. Leirek lau urrezko domina leporatu zituen eta junior kategoriako sailkapen orokorrean hirugarren postuan amaitu zuen. Lehena izan zen junior eta absolutu mailetan 200m. bular, 50m. bizkar, 200m. eta 800m. libre probetan. Ainhoa ere lau probatan lehiatu zen: 100m. eta 200m. libre, 100m. lau estilo, eta 50m. bular libretan.

Absolutu mailan, aldiz, Mikel Esnal lehiatu zen. 50m. eta 100m. librean eta 50m. tximeleta probetan aritu zen, baina ez zuen zorterik izan.

Bestalde, taldea seigarrena izan zen 4x50m. libre proban, 1'47,16ko denborarekin taldeko marka hobetu zuten.

Leire eta Ainhoa Martin ahizpek burua Udako Euskal Herriko junior eta absolutu txapelketan dute jada. Gaurtik, ostirala, igandera artean lehiatuko dira Gasteizko Mendizorrotza udal igerilekuan, 10:00etatik 17:00etara bitartean.