Korporazioak jorratu zuen hirugarren gaia 2019ko aurrekontuei buruzkoa zen: kreditu gehigarrien bigarren espedientea, hain justu. EH Bilduko bozeramaile Jon Martinek hartu zuen hitza, udal gobernuari galdetzeko zergatik bideratu diren sei milioi euro kreditu gehigarrietara. "Diru kopuru garrantzitsua da; ikertzea merezi du, erantzukizunak argitzea". EAJko kide Estitxu Alkortak galdetu zuen ea diru hori Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetan obrak egitera bideratu ote zen.
Jesus Zaballos alkateak argitu zuen afera: Udaleko arau subsidiarioak onartu zirenean, 2004. urtean, orduko gobernuak erabaki zuen "parke berde bat" eraikitzea Kaxkarroko lursail batean. Bost urte zeuzkaten jabeekin harremanetan jarri eta desjabetzea egiteko, baina ez zuten egin. Hurrengo zazpi urteetan ere ez. 2016an eskatu zuten jabeek prozesua hastea: bost milioi eurotan baloratu zuten eremua. Udalak, aldiz, 580.000 eurotan. Auzitegietara jo zuen Udalak, eta arrazoia eman zioten hasieran. Jabeak ez ziren konformatu, eta Auzitegi Gorenak eurei eman zien arrazoia. Udalak jarri du prozesua bertan behera uzteko helegitea orain; tramitean dago. "Badaezpada ere, diru kopuru hori bideratu dugu kreditu gehigarrietara, ez dakigulako nola bukatuko den auzia", azaldu zuen Zaballosek. "Gauza bat utzi nahi dut argi: diru gutxiago ala gehiago ordaindu, Udalak ez du ezer galduko, bere jabetzako ondasunen inbentarioan sartuko delako lursaila".
Martinek erantzun zuen "beharrezkoa" dela duela hamabost urte onartutako arau subsidiarioak ikertzea eta aztertzea. "Arazoaren errora joan behar dugu". Elkarrekin Lasarte-Oria Puede alderdiko bozeramaile David Aresek garaian garaiko gobernuen "kudeaketa txarra" salatu zuen.
Alkortak egindako galdera ere erantzun zuen alkateak. Aurreikusita daude bi diru partida lan horietarako: 685.000 eurokoa bat -Sasoetarako- eta 537.000 eurokoa bestea -Landaberrirako-. Proiektuak esku artean dauzkate, baina pleguak ez dituzte atera oraindik, ez dakitelako lanek zenbat diru kostatuko duten zehazki.
Babes sozialeko etxebizitzak Oria-Gainen
Lasarte-Oriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat egingo dute Oria-Gain eremuan babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko; doan jasoko du lursaila Udalak. Korporazioak onartu egin zuen elkarlan akordio hori: hamabi aldeko bozka eta aurkako lau -Elkarrekin Lasarte-Oria Puedeko Tania Rodriguezek ez zuen saiora joaterik izan-.
EH Bilduk bozkatu zuen aurka, uste duelako badaudela mota horretako etxebizitzak sustatzeko gune hobeak. "Oria-Gainek eremu isolatu bat izateko aukerak ditu: ez dago oinarrizko zerbitzurik, garraio publikoa ez da horra iristen... Beharbada ez da pasako, baina ghetto bat bihur daiteke etorkizunean", nabarmendu zuen Martinek. Hirigintza zinegotzi Agustin Valdiviak (PSE-EE) esplikatu zuenez, udal gobernuak uste du aukera "oso ona" dela alokairu sozialeko 100 etxebizitza eskaintzeko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Europan lehiaketara eraman du, horretan parte hartzen duten arkitektoek egitasmoak aurkezteko eta auzo horrek eduki ditzakeen gabeziak konpontzeko. "Guri arrazoia ematen ari zara", erantzun zion Martinek. "Oraindik goiz da balorazioak egiteko, aukeratzen dugun proiektuak aseko ditu auzoaren behar guztiak", esan zuen Valdiviak.
Puntu horrez gain, udalbatzarrak onartu zituen Udalaren ondasun eta eskubideen 2018ko inbentarioan egindako aldaketak eta obra publikoetako ingeniari tekniko lanpostuari buruzko hizkuntza profila. Azken horri baiezkoa ematearen arrazoiei buruz hitz egin zuen EAJko bozeramaile Jon Antxordokik: "Egokia iruditzen zaigu hirugarren profila eskatzea postu horretarako".